Bihar da Zuzenien lasterketa bertikalean izena emateko azken eguna

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 24a

Kirolariek ez dute izena emateko aukerarik izango egunean bertan. Euskadiko Txapelketa izango da igandekoa, eta Frontoi Txiki paretik irtengo dira parte-hartzaileak.

VII. Zuzenien lasterketa bertikaleko aurkezpena (E. Albizu Lizaso) VII. Zuzenien lasterketa bertikalean parte hartu nahi dutenek bihar, asteazkena, dute izena emateko azken eguna, 20:00ak bitartean. Inskripzioa Internet bidez soilik egin daiteke; izan ere, aurtengoan, ez dute egunean bertan, plazan, izena emateko aukera jarriko. Dagoeneko ia 200 kirolarik eman dute izena proban, eta 250 pertsonak har dezakete parte, gehienez, lasterketa bertikalean. Izena eman nahi izanez gero, www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke. Federatutako korrikalarientzat, 14 euro balio ditu txip horiak; eta 16 euro, berriz, zuriak. Federatu gabe daudenen kasuan, txip horiaren prezioa 18 eurokoa da, eta zuriarena, 20 eurokoa. Bestalde, bi berritasun nabarmendu ditu Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak: lasterketa Euskadiko Txapelketa izango dela eta ibilbidea aldatu dutela. Horrenbestez, urtero legez, Euskadiko Kopako proba puntuagarria izango da Zuzenien, beste bost lasterketekin batera; baina, horrez gain, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute parte-hartzaileek. Beraz, igandeko lasterketa irabazten dutenek, gizonek zein emakumeek, Mendi Lasterketa Bertikalen Euskadiko Txapelketa eskuratuko dute, eta inguruko herrialdetan beste proba batzuk jokatzeko aukera izango dute. Hain zuzen, gizonetan eta emakumeetan, lehen hiru sailkatuek Espainiako Txapelketa jokatzeko aukera izango dute. Ibilbideari dagokionez, berriz, Iturri Txikitik hasiko da proba, plaza obratan dagoela-eta. Handik Komuntzora igoko dira mendi-lasterkariak; ondoren, Takolora joango dira, eta eskuineko aldetik igoko dute Urreta. Amaitzeko, San Inazioren estatura igoko dira parte-hartzaileak. Antolatzaileen hitzetan, "guztiz aldatu" da ibilbidea, ez lehengoa ez zitzaielako gustatzen, "berritzeko gogoa" zutelako baizik. Zirkuitoa aldatu dutela-eta, orain arte eginiko orduak eta markak deusteztatu egingo dituzte, eta igandeko proban hasiko dira berriro errekorrak eta batezbestekoak ezartzen. Ibilbidearen aldaketak Jexux Zelaia lasterkariak entrenamendu saio batzuk egin ditu ibilbide berrian; eta, haren arabera, hiruzpalau minutu luzeagoa da aurtengo proba. Bestalde, esan du "aldapa gogorrak" izango dituela lasterketak, eta bukaera "oso teknikoa" dela: "Kontuz ibili beharreko bukaera izango du aurtengo lasterketak, ez da arriskutsua, baina eskuekin lagundu beharko diote oinei kirolariek". Horrez gain, kirolariak nabarmendu du sokekin igo beharreko zatia ere kendu dutela zirkuitotik. Hala ere, Zelaiak uste du mendi lasterketa ikustera joango diren herritarrentzat, "bista gehiago" dituela Zuzenien lasterketak aurtengoan, eta "egokiagoa" dela haientzat. Sariei dagokienez, lehenbiziko sailkatuak 250 euro irabaziko ditu; bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak, 150. Laugarrenak, berriz, 100 euro jasoko ditu; bosgarrenak 50 euro, eta seigarrenak 25 euro. Aholku batzuk orduari dagokionez Ordutegiei dagokienez, antolatzaileek eskatu dute lehen korrikalariak 8:30ak alderako plazara joateko, dortsalen bila. Gainontzekoek irteera baino bost minutu lehenago jaso beharko dute beraien zenbakia. Dena dela, lehen korrikalarien kasuan, 9:45erako irteera puntuak egoteko eskatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide