Asier Baglietto eta Haizea Egiguren Harremanitzeko kideak (Eneritz Albizu Lizaso/Hitza).
Jolastokia modu parekideagoan banatzeko,
'Jolas denbora' proiektua martxan jarri dute Azpeitian eta Azkoitian.
Zein dira Hezkidetza planaren oinarriak?
Asier Baglietto: Azpeitian eta Azkoitian lantzen ari garen egitasmoa da, eta eskolekin eta gazteria taldeekin ari gara lanean, batik bat. Gure helburua da aztertzea nola lor dezakegun eskola hezkideagoa: nola pasatu eskola misto batetik, benetan neskek eta mutilek elkar errespetatzen duten eskola batera, gustura sentituko garen eskola batera. Hain zuzen, hor barruan identifikatu genuen jolasgaraia espazio interesgarria zela, egoera oso sexista delako, eta gizonentzako daudelako pentsatuta jolastokiak. Zentzu horretan ari gara lanean: epe motzean eta luzean. Bailaran aukera interesgarriak daude horretarako.
Plan horren barruan aurkeztu duzue Jolas Denbora. Nola azal dezakezue proiektua?
Haizea Egiguren: Proiektuaren aurretik, eskolek saiakerak egin dituzte jolastokiak hezkideagoak izan daitezen. Besteak beste, Baloirik gabeko eguna antolatu dute. Beraz, ikastetxeek lana egin dute esparru horretan. Gure helburua da dagoeneko eskolek eginiko lan horri bultzada bat ematea. Hori egin ahal izateko, irakasleei formazioa eskaini zaie; aholkularitza zerbitzua jarri da martxan eta baliabideak eman zaizkie jolasgaraia dinamizatzeko. Beste modu batera jolastuta ondo pasatu dezakegula erakutsi nahi dugu. Neska-mutilen artean beste modu bateko harremana lor dezakegu, eta horretan eragiten du espazioak. Bestalde, guk ikasleei pentsarazi egin nahi diegu. Izan ere, askotan entzun dugu mutilek nahi dutelako jolasten dutela futbolean eta neskak nahi dutelako esertzen direla izkina batean. Benetan hori al da nahi dutena? Edo hori ikusi dute eta erakutsi diete? Hori ikusarazi nahi diegu.
A.B.: Hori da gakoa, naturaltzat jotzen baititugu erabat kulturalak diren jarrerak.
Jolastokiei begiratuta, errealitatea da beraien antolaketak ardatz dituztela futbol zelaiak, saskibaloi kantxak eta abar. Nola alda daiteke hori?
A.B.: Zaila da jolastokia beste moduren batean irudikatzea horrela ikusi dugulako beti. Hala ere, badaude aukerak baliabide gutxirekin espazioak eraldatzeko. Adibidez, Hernaniko eskola batean oreka lantzeko jokoak jarri dituzte, edo bankuak gehitu dituzte, elkarri begira. Bide horretan emango ditugu urratsak. Oraingoz, astean behin egingo ditugu jolas kooperatiboak, baina aldi berean, aztertzen joango gara ikastetxe batzoitzak zer aldatu behar duen, eta nola.
Ikasleen aldetik zer harrera jaso duzue eskoletara iristean?
H.E.: Lehen unetik ikusten dute gure lana egiteko modua besteekiko desberdina dela, eta ondo erantzuten dute. Neskekin eta mutilekin gai desberdinak lantzen ditugu, eta beraien interesa ikusten dugu. Hala ere, ordu batzuk soilik pasatzen ditugu ikasleekin, beraz, garrantzitsua da beraiek antolatzea, hausnartzea. Eskolatik kanpo ere biltzen gara.