Jolastokia modu parekideagoan banatzeko, 'Jolas denbora' egitasmoa martxan jarri dute Azkoitian eta Azpeitian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 20a

Jolas denbora proiektua aurkeztu du gaur Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroak, hau da, eskolek, udalek eta Harremanitzeko kideek. Proiektuaren baitan, Jolas kooperatiboen egunak antolatuko dituzte, honako helburuekin: "Lehiakortasunaren aurrean, elkartasuna, talde dinamika eta lasaitasuna bultzatzea da gure xedea; futbola eta saskibaloiaren pisua gutxitzea, eta Azpeiti-Azkoitiko eskolek norabide honetan eman dituzten urratsei babesa eta euskarria ematea, baliabideak, denbora eta pertsonak haien eskura jarriz". Hezkidetza Foroa duela hiru urte hasi zen lanean, eta bertako kideek hasieratik ikusi zuten jolas-ordua une interesgarria zela hezkidetza sustatzeko, hots, genero desberdinen arteko harreman justuagoei eta naturalagoei indarra emateko. "Gaur egun, eskoletako jolastokiak begiratzea besterik ez dago ohartzeko nola errepikatzen diren gure jendartean nagusi diren arauak", esan du Leire Etxaniz Azpeitiko Udaleko Parekidatasuneko zigotziak. Etxanizek azaldu duenez, herriz herri eta eskolaz eskola errealitateak desberdinak dira. Hala ere, guztiek dituzte hutsuneak, eta ikastetxe denek hartu dituzte neurriak aldaketak egiteko. Floreaga ikastetxeko ordezkariek azaldu dutenez, beraien eskolan eta ikastetxe gehienetan, futbol zelaiek eta saskibaloiko kantxek hartzen dute espazio gehiena. "Espazioak duen antolaketaren eta rol sozialen eraginez, neska mutilen arteko harremanak hierarkikoak eta estereotipatuak dira jolas-garaietan", azaldu dute. Floreagako ordezkariaren arabera, "bereziki interesgarria" iruditu zaie jolastokian eragitea, ikastetxeek lan asko egin baitute ikasleen harremanak hezkideago izan daitezen. Bidea egiten hasita daude Lehendik ere bidea egiten ari dira beraien helburuak erdiesteko; esate baterako, "baloi gabeko eguna" egin izan dute eskoletan, edo espazioak banatzeko beste modu batzuk erabili dituzte. Hemendik aurrera, Jolas kooperatiboen egunak egingo dituzte "jolas denborako errealitatea aldatzeko".  Hala ere, Jolas denbora proiektuan parte hartu dutenek adierazi dute horrelako egitasmoak "aldaketa sakonagoen lehen urratsa" izan behar dutela, beraien asmoa ez delako mugatzen astean egun batean aldaketak eragitera: "Haur eta gazteen espazio, denbora, harreman eta ikuspegietan hezkidetza eta tratu onen irizpideak txertatzea nahi dugu". Etxanizek esan du proiektua aurrera irten dadin, zenbait konpromiso hartu dituztela Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek. Hauek aipatu ditu zinegotziak:
  • Irakasleei zuzendutako formazio saioak egin dira, eta egingo dituzte. Izan ere, beraien arabera, irakasleen jarrera ezinbestekoa da prozesu horretan, egunero baitaude jolas-orduan neska-mutilekin.
  • Aholkularitza zerbitzua martxan jarria dago.

  • Ikastetxeetan jolasak eta ariketak ari dira prestatzen, espazioa probesteko.
  • Materialak eskainiko zaizkie bi herrietako ikastetxeei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide