Azkue SL altzari enpresa martxo erdian irekitzea espero dute ordezkariek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 20a

Erosketa onartu bada ere, zazpi entitatek helegitea jarri dute higiezinen inguruan, eta ebazpenaren zain daude abiatzeko. Egoitza prestatzen ari dira; gaur makina astunak iritsiko dira.Azpeitiko Azkue SL altzari enpresa berria martxoaren 16ko astean ir...

Erosketa onartu bada ere, zazpi entitatek helegitea jarri dute higiezinen inguruan, eta ebazpenaren zain daude abiatzeko. Egoitza prestatzen ari dira; gaur makina astunak iritsiko dira.

Azpeitiko Azkue SL altzari enpresa berria martxoaren 16ko astean irekitzea espero dute lantokiko ordezkariek, hala azaldu dio UROLA KOSTAKO HITZAri Xabier Oleaga sozietate laboraleko lehendakariak. Haien asmoa otsailean martxan hastea bazen ere, prozesua «geldirik» dago epaitegian; eta, legalki, ezin dute urratsik eman epailearen ebazpena jaso bitartean.

Xabier Oleagak azaldu duenez, duela bi aste onartu zuten epaitegian Azcue y cia enpresa saltzea, Azkue lantaldeak ezarritako oinarriak errespetatuta. Hala ere, zazpi entitatek helegitea jarri diote ebazpen horri, higiezinen inguruko zazpi milioiko hipoteka dela-eta. Izan ere, epailearen erabakiaren ostean, bost eguneko epea izan dute haiek errekurtsoa jartzeko.

Beraz, Azkue enpresa berria «behartuta» dago erantzunaren zain egotera. «Helegiteak direla-eta, formalki ezin dugu itxi prozesua, eta langileek ezin dute lanean hasi», esan du Oleagak.

Hala ere, lehendakariak azaldu du beharrean hasteko «desiratzen» daudela, eta ez direla guztiz geldirik egongo epaileak erabakia hartu bitartean. Beraien helburua da epailearen ebazpena jakin bezain laster martxan hastea; eta, horretarako, egoitza prestatzen ari dira: garbiketa lanetan eta beharrezko baliabideak inguratzen.

Esate baterako, atzo gaua eta gaur goiza bitartean makina astunak iritsi dira egoitzara Logroñotik (Errioxa, Espainia), eta haiek kokatzen ari dira une hauetan. Oleagak azaldu duenez, besteak beste, xurgatzaile-industrialak jartzen egingo dute lana gaurkoan.

Azkue enpresako kideek joan den urtarrilaren 24an jakinarazi zuten 30 langilerekin hasiko dutela beraien jarduna, eta urtea igaro ahala 50 lanpostu sortu nahi dituztela. Bide beretik, 2016an 100 langile izateko apustua egin dute Azkue SL enpresako kideek.

Produktuari dagokionez, «kalitate handiko» parketa ekoizten hasiko dira Azkue SL enpresan, baina «egurraren arloko ekoizpen integrala» egitera iritsi nahi dute etorkizunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide