Iruzurrak egiten ari da gizonezko bat Azpeitian, energia langileen izenean

E. Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 20a

Landa-eremuan gertatu dira iruzur gehienak, eta adinekoengana jo ohi du iruzurgileak. Ertzainek eskatu dute kontuz ibiltzeko eta gertaerak salatzeko.Azpeitiko landa-eremuetako zenbait etxetan iruzurrak egiten ari da energia enpresa bateko akreditazioa ...

Landa-eremuan gertatu dira iruzur gehienak, eta adinekoengana jo ohi du iruzurgileak. Ertzainek eskatu dute kontuz ibiltzeko eta gertaerak salatzeko.

Azpeitiko landa-eremuetako zenbait etxetan iruzurrak egiten ari da energia enpresa bateko akreditazioa bistan daraman gizon bat. Ertzaintzak jakinarazi duenez, azken asteetan horrelako iruzurrak ugaritu egin dira, eta Urola Kostako bizilagunei eskatu die kasuren bat ikusiz gero, Urola Kostako Ertzain-etxearekin harremanetan jartzeko, 943-53 89 00 telefonora deituta.

Iruzurgilea adineko pertsonengana gerturatu ohi da, eta 50 euroren truke etxeko energia kontsumoa gutxitzeko zerbitzua eskaintzen duela esaten du,

Ertzaintzaren arabera. Etxeko atera joaten da gizona, eta barrura sartzen ere saiatu izan da. Bestalde, ertzainek nabarmendu dute energia enpresa ospetsu bateko akreditazioa soinean ibiltzen duela, benetakoa ez izan arren.

Arazoa dela-eta, zenbait gomendio eman dituzte Urola Kostako ertzainek. Hasteko, esan dute hitzordurik gabe gas edo argindar langileak etxean agertuz gero, akreditazioa eskatu behar zaiela. Gainera, enpresako telefono zenbakira deitzeko ere gomendatu dute, enpresak langilea identifika dezan.

Edozer zalantza izanez gero, etxeko atea ez irekitzeko esan du Ertzaintzak. Beraz, herritarrek bertaratutako langileei esan diezaiokete ez dutela ikuskapenik egin nahi haien nortasuna identifikatu aurretik. Adineko pertsonen kasuan, berriz, beste konfiantzazko pertsonaren batekin egotea gomendatu dute. «Susmoa sortzerako ustezko iruzurgilea etxe barruan badago, ez galdu bistatik, eta ez esan dirua zein baliozko objektuak non gordetzen diren etxean», gehitu dute.

Horrez gain, eskatu dute ez ordaintzeko «neurriz kanpoa» iruditzen zaien diru kopururik, lanengatik edo ikuskapenengatik. Kasu horretan, ordainketa atzeratzeko eskubide dute herritarrek hurrengo azterketaren data iritsi bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide