Gizon bat iruzurrak egiten ari da Azpeitiko landa-eremuetan, energia enpresa bateko langilea dela esanda

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 18a

Adineko pertsonengana jotzen du iruzurgileak. 50 euroren truke energia kontsumoa gutxitzeko zerbitzua eskaintzen die etxe jabeei.

Azpeitiko landa-eremuetako zenbait etxeetan iruzurrak egiten ari da energia enpresa bateko akreditazioa bistan daraman gizon bat. Ertzaintzak jakinarazi duenez, azken asteetan horrelako iruzurrak ugaritu egin dira, eta Urola Kostako bizilagunei eskatu die horrelako kasuren bat ikusiz gero, Urola Kostako ertzain etxearekin harremanetan jartzeko, 943-53 89 00 telefonora deituta. Esan bezala, gizonezkoa da iruzurgilea, eta 50 euroren truke etxeko energia kontsumoa gutxitzeko zerbitzua eskaintzen duela esan ohi du. Etxeko atera joaten da gizona, eta barrura sartzen ere saiatu izan da. Bestalde, ertzainek nabarmendu dute energia enpresa ospetsu bateko akreditazioa soinean ibiltzen duela. Arazoa dela-eta, zenbait gomendio eman dituzte Urola Kostako ertzainek. Hasteko, esan dute hitzordurik gabe gas edo argindar langileak etxean agertuz gero, akreditazioa eskatu behar zaiela. Gainera, enpresako telefono zenbakira deitzeko gomendatzen dute, langileak identifikatzeko. Edozer zalantza izanez gero, etxeko atea ez irekitzeko esan du Ertzaintzak. Beraz, herritarrek langileei esan diezaiokete ez dutela ikuskapenik egin nahi nortasuna identifikatu aurretik. Adineko pertsonen kasuan, berriz, beste pertsonaren batekin egotea gomendatu dute. "Susmoa sortzerako ustezko iruzurgilea etxe barruan badago, ez galdu bistatik eta ez esan dirua zein baliozko objektuan non gordetzen diren etxean", gehitu dute. Bestalde, eskatu dute ez ordaintzeko "neurriz kanpokoak" diruditen diru kopuruak instalazioengatik edo ikuskapenengatik. Kasu horretan, ordainketa atzeratu dezakete herritarrek hurrengo ikuskapena iritsi arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide