Gau-txori gaueko argazki lehiaketa antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak otsailaren 28rako. Irekita dago izena emateko epea, eta Internetez eman dute horretarako aukera, argazkiakaae@hotmail.com helbidera mezua bidalita. Otsailaren 26an, ostegunean, bukatuko da epea. Izena emateko zazpi euro ordaindu behar dira, eta rallyaren egunean pagatuko dute zenbatekoa: 19:00etatik 20:00era, argazki elkarteko bulegoan.
Elkarteak azaldu ditu lehiaketan parte hartzeko bete beharreko arauak. Argazki kameraren memoria txartela hutsik eraman behar da, eta argazkiak jgp formatuan gorde behar dira. Gehienez 36 argazki aurkez daitezke, eta ezin dira manipulatu. Izan ere, puntuak ematerakoan kontuan hartuko dute «berezkotasuna, sormena eta teknika». 02:00etan amaituko da gaueko argazki lehiaketa, eta ordu hori baino lehen deskargatu beharko dira argazkiak elkartearen egoitzan. Ondoren, parte-hartzaileek gai bakoitzeko argazki bakarra aukeratu beharko dute, eta hori aurkeztu beharko dute martxoaren 8a baino lehen argazkiakaae@hotmail.com helbidera. Argazkiarekin batera, partaide zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratzen den argazkiaren zenbakia adierazi beharko dira.
Lau sari emango dituzte: bilduma onenarena, bigarren sailkatuarena, hirugarrenarena; eta, azkenik, herriko lehen ez sarituarena.