Shaun arditxoen taldeak eraman du etxera Inauterietako sari potoloa

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 18a, 00:00

Bakarkako saria King Kong gorilak jaso du. Herritar ugarik hartu du parte asteleheneko mozorro festan, eta mota askotako jantziak ikusi dira herriko kaleetan.Egun osoan euria goian behean egin bazuen ere, mozorro gaua errespetatu zuen astelehen karnaba...

Bakarkako saria King Kong gorilak jaso du. Herritar ugarik hartu du parte asteleheneko mozorro festan, eta mota askotako jantziak ikusi dira herriko kaleetan.

Egun osoan euria goian behean egin bazuen ere, mozorro gaua errespetatu zuen astelehen karnabalean eguraldiak, eta ater-uneak oparitu zizkien herritarrei, beraien erakustaldiak egiteko. Taldeka, Shaun arditxoen taldeak irabazi zuen lehen saria; 800 euro eraman zituzten ardiek, artzainak eta txakurrak. Banakako sariei dagokienez, berriz, King Kong gorilak eraman zuen lehen saria, 200 eurokoa.

Sarituez gain, talde ugari ibili ziren astelehenean herriko kaleak girotzen. Arraunlariak, batukada, txarangak, zaharren dantzari koadrila, xirula joleak... denetik ikusteko aukera izan zuten herritarrek gau berezi hartan. Parte hartzea bikaina izan zen, gaueko jaian ez ezik, baita goizeko haurren desfilean eta egunean zehar ere.

Atzo amaitu ziren Inauteriak Azpeitian, astearte karnabalean. Urtero legez, sokamuturra izan zen herrian, eta suzko zezenarekin esan zieten agur poza sorrarazten dieten festei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide