Javier Krahe kantautore satirikoak kontzertua eskainiko du igandean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Aurrez, 12 eurotan eros daiteke sarrerak, eta egunean 15 eurotan.
Las diez ultimas diskoa izan da kaleratu duzun azken lana, En el Cafe Central de Madrid zuzenekoa baino lehen. Azken lanak aurkeztuko al dituzu, ala nolako errepertorioa eskainiko duzu?Kontzertuak ez du azken diskoa izango ardatz. Ez dut aurkezpen kontzertutzat hartzen. Izan ere, urte bat baino gehiago du diskoak, eta beraz, dagoeneko ez da horren berria. Errepertorioari dagokionez, Las diez ultimas diskoko abesti batzuk eskainiko ditugu, baina aurreko lanetakoak ere joko ditugu. Ez naiz soilik abesti berrietan oinarrituko; bost, hamar edo hogei urte dituzten abestiak abestea ere gogoko dut.
Sanagustin kulturgunean izango zara. Gustuko al dituzu halako aretoak?
Ez dut ezagutzen Sanagustin nolakoa den, baina egia da orokorrean tabernak nahiago ditudala; jendea tragoak hartzen ari den bitartean abestea. Baina, ez zait axola antzokietan aritzea. Jende askok nahiago du bere eserlekua edo leku bat izatea, eta ikuskizun bezala jasotzea saioa. Beste ikuspuntu bat da. Eszenatoki guztietan moldatzen naiz ondo.
35 urteko ibilbidea duzu, eta 15 disko baino gehiago kaleratu dituzu. Nola aldatu da musikaren ikuspegia?
Gauza askotan aldatu da, batez ere musika merkaturatzeko moduan. Kontzertuak, ordea, duela 35 urteko antzekoak dira nire kasuan, jendaurrera atera eta kantatzean baitatza. Kontsumitzeko moduak ere ikaragarri aldatu dira, orain Internetetik entzuten baita asko. Ez dakit nire diskoak salduko diren edo ez, eta aldaketa horietan, nik ez dut inongo eraginik. Hala ere, ni naiz nire kontzertuen erantzule. Orduan sentitzen naiz seguru.
Oso kritikoa izan zara politikarekin eta gizartearekin. Horrek ateak itxi al dizkizu kontzertuak ematerako orduan?
Bai, noski. Baina aspaldi izan zen hori; 1986an, NATOren erreferenduma egin zenean. Orduan, kontzertuak bertan behera uzten zizkidaten, baina ezin zidaten abestea galarazi, asko tabernetan aritzen bainitzen. Jazarpena ez zen haraino iristen. Baina, horrenbeste denbora pasatu da... Uste dut beraiek ez direla gogoratzen boikota egin zidatenik. Eskuineko udal batek inoiz ez nau deitu, baina jada ez dut galdetu ere egiten.
Zure mezuengatik edo ekintzengatik zentsuratua izan zara. Zer iritzi duzu Charlie Hebdoren aurkako erasoez, eta adierazpen askatasunaz?
Eraso hiltzaileak izan dira. Basakeria bat izan da. Batek txiste bat egiten du, eta besteak tiroz erantzuten du. Edozein txiste izanda ere, gaitzesgarria da hori. Adierazpen askatasunaren inguruan, batek esaten zuen, zineman edo antzerkian baldin bazaude ezin duzula hasi «sua!» oihuka eta alarma piztu, eta gero esan zure adierazpen askatasuna dela hori egitea. Une batzuetan mugaren bat jar liteke baina, hasiera batean, adierazpen askatasun osoa defendatzen dut.
Egun, zein sukaldatuko zenuke labean?
Dagoeneko ez luke horrenbesteko esanahirik izango. Baina, beharbada, Cristiano Ronaldo eta Messi sartuko nituzke batera. Pintxo bat egingo nuke haiekin biekin.
Zure musika ezagutzen ez duen bati, nola esplikatu zer kontzertu eskainiko duzun?
Hiru musikari eta abeslari baten ordu eta erdiko saioa da. Umorezko errepertorioa du, eta ondo pasatzeko aukera dago. Zenbaitetan barre dezente ere egin dezake. Nire musikariak oso onak dira; abeslaria ez da horrenbeste, baina ahal den moduan defendatzen da.