Otsailaren 28an egingo dute Gau-Txori gaueko argazki lehiaketa Azpeitian

Onintza Lete Arrieta 2015eko otsailaren 13a

Azpeitiko Argazki Elkarteak zabaldu du izena emateko epea. Otsailaren 26a bitartean, Internetez eman beharko da argazkiakaae@hotmail.com helbidera idatzita. Zazpi euro kostako da parte hartzea. Argazki rallyaren gauerako afari bat ere antolatu dute, eta bietan parte hartu nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu (ordainketa rallyaren egun berean egin behar da, 19:00etatik 20:00etara, Perez Arregi kaleko lehenengoan). Gau-Txori lehiaketan parte hartzeko baldintzak ere azaldu dituzte: argazki kameraren memoria txartela hutsik eraman behar da, eta argazkiak Azpeitian atera behar dira. Aukera dago txuri-beltzean edo koloretan egiteko argazkiak, eta jpg formatua erabili behar da. Gehienez 36 argazki aurkeztu ahalko dira, eta ezin dira manipulatu. Izan ere, puntuak ematerakoan kontuan hartuko dute "berezkotasuna, sormena eta teknika". 02:00etan amaituko da gaueko argazki lehiaketa hau, eta ordu hori baino lehen deskargatu beharko dira argazkiak elkartearen egoitzako ordenagailuan. Ondoren, parte-hartzaileek gai bakoitzeko argazki bakarra aukeratu beharko dute, eta hori aurkeztu beharko dute martxoaren 8a baino lehen argazkiakaae@hotmail.com helbidera. Bertan, argazkiarekin batera, partaide zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratzen den argazkiaren zenbakia adierazi beharko dira. Lau sari mota emango ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak: bilduma onenarentzat 150 euro eta garaikurra; bigarren sailkatuarentzat 100 euro eta garaikurra; hirugarrenak 70 euro eta garaikurra jasoko ditu; eta azkenik, herriko lehen ez sarituarentzat garaikurra egongo da. Saritzen dituzten argazkiak elkartearen esku geldituko direla gogorarazi du elkarteak. Gainera, azaldu dute Azpeitiko proba puntuagarria izango dela herriz herriko txapelketarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide