'Osasunaren eta istripuen prebentzioaren astea' antolatu du DYA-k Azpeitian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 12a

Otsailaren 16an, astelehenean, hasiko da hitzaldi eta tailer zikloa, eta doan da herritar guztientzat.

Bihotza eta birikak suspertzen ikasiko dute parte-hartzaileek, besteak beste. (Irene Elorza/Hitza) Osasunaren eta istripuen prebentzioaren astea antolatu du Azpeitian DYA-k. Datorren astelehenean, hilaren 16an, hasiko da egitasmoa, eta ostirala bitartean bost hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte. Parte-hartzea doakoa bada ere, beharrezkoa da izena ematea, antolaketa lanak errazteko. Horretarako, 943 46 46 22 zenbakira deitu daiteke, edo irakaskuntza.eskola@DYA.gipuzkoa.com helbidera mezua bidali. Hitzaldi eta tailer guztiak DYA-k Azpeitian duen egoitzan izango dira, Urola kalean, 19:00etatik 21:00etara. Honako eskaintza dute datorren asterako: Astelehenean, 19:00etan: Ohiko larrialdiak zein diren ikusteko eta haien aurrean nola jokatu jakiteko hitzaldia. Gai hauek landuko dituzte, besteak beste: miokardioko bihotzekoa, konbultsioak, zorabioak, traumatismoak, erredurak edo garun-baskular istripuak. Asteartea, 19:00etan: Benden oinarrizko tailerra, gorputzeko hainbat zatitako bendajea landuz. Asteazkena, 19:00etan: Etxeko istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia. Erredurak, erorikoak edo intoxikazioak izango dituzte mintzagai. Osteguna, 19:00etan: Bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra. Oinarrizko mugimenduak ikasi eta praktikatuko dituzte. Ostirala, 19:00etan: Zure bihotza zaintzea deituriko hitzaldia eskainiko dute, eta osasuna zaintzeko aholkuak emango dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, jarduera guztiak "oso parte-hartzaileak" izango dira, eta joaten diren herritarrek aukera izango dute beraien zalantzak edo iritziak partekatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide