Korrika Kulturala hastear da Azpeitian 'Fausto herritar eredugarri' antzezlanarekin

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 10a

Giroa berotzen joatzeko hamaika ekitaldi antolatu dituzte herrian, eta eragile ugarik parte hartu du. Lehiaketa "berritzailea" ere martxan jarri du Korrika Batzordeak.

Korrika Kulturala antolatzen dabiltzan eragileetako ordezkariak (E. Albizu Lizaso) Korrika Azpeitira iritseko hilabete eta erdi falta dela, Korrika Kulturala aurkeztu dute herriko zenbait eragilek. AEK eta Natul euskara taldeak egin dituzte aurtengoan koordinazio lanak, baina herriko taldeen parte hartzea nabarmendu dute Korrika Batzordeko kideek. "Aurtengoan nabarmendu nahi dugu eragileen inplikazioa eta lanerako grina. Izan ere, beti esan ohi dugu euskara guztion altxorra dela, horregatik dagokigu guztioi hura zaintzea", esan dute. Besteak beste, Sanagustin kulturguneak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Jauzika elkarteak, Haujijijai festa batzordeak, herriko pailazo taldeak edota eskolek lagundu dute Korrika Kulturala antolatzen, eta "herritar guztientzat" eginiko agenda prestatu dute. Honakoak dira ekitaldiak: Otsailak 13. Fausto herritar eredugarri antzezlana, Soreasu aretoan, 21:30ean. Otsailak 14. Mus txapelketa Sanagustin kulturgunean, 15:30ean. Egunean bertan izango da izen-ematea, 12 euro bikoteko. Martxoak 15. Xoxotera igoera. Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik irtenda izango da igoera, tokian tokiko mendi taldeekin. Gero, denentzat salda jarriko dite tontorrean. Martxoak 22. Erromeria eta herri bazkaria Sanagustin kulturgunean. Martxoak 23. Korrika Txikia eta herriko pailazo gazteen emanaldia plazan. Zehaztu gabe. Software-a euskaratzeko saioa, Sanagustinen. Lehiaketa berria Bestalde, lehiaketa "berritzailea" egingo dute aurtengoan: Esaera zahar-berrien lehiaketa. Antolatzaileek azaldu dutenez, "gaur egungo usadioetara egokituta herriko esaerak" sortzea da lehiaketaren helburua, esaera zaharrei berriak gehitzeko. Horretarako, zenbait modu proposatu dituzte: esarea zahar baten hasiera hartu eta amaiera berri bat iradokitzea edo esarea guztiz berria sortzea, adibidez. Proposamenak natul.euskeraz@gmail.com helbidera bidal daitezke, egilearen izen-abizenak eta telefonoarekin. Bestela, astean zehar herriko zenbait tabernatan ere kutxak jarriko dituzte hara orriak botatzeko. Saria oraindik zehaztu gabe dago. Korrika batzordeko kideek gogorarazi dute oraindik "lan asko" dagoela egiteko, eta herritar guztiak daudela gonbidatuta bileretan parte hartzera edo ekarpena egitera. Gaur, asteartea, egingo dute hurrengo bilera, eta Sanagustin aurrean bilduko dira herritarrak, 20:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide