Etxebizitza politika berrien bila

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 10a

Azpeitiko Udalak eskaini dituen alokairurako laguntzarik gabe ez nukeen aukerarik izango etxetik mugitzeko. Izan ere, gaur egun oso zaila da gazteentzat errenta ordaintzea, egoera gaizki dagoelako lan finkoa aurkitzeko ere». Hala hitz egin du Anne Unanuek. Azpeitiko Udalak etxebizitzak alokatzeko eskaini dituen laguntzen onuradunetako bat da bera. Joan den urtean gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko 150.000 euroko poltsa jarri zuen udalak, eta 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei errentaren azken prezioaren erdia ordaintzeko laguntza eskaini zien. Prentsaren bidez jakin zuen 23 urteko gazteak laguntzaren berri, eta «ahoz aho» ere informazioa asko zabaldu dela esan du hark. Unanue Urrestillatik joan da Alde Zaharrera bizitzera, eta azaldu du «nahita» jardun dutela inguru horretako etxeren baten bila. Udalak laguntzetan gehigarria txertatu du Alde Zaharrean bizitzea aukeratzen duten pertsonentzat, eta horrek Alde Zaharra biziberritzeko planari «asko» lagundu diola uste du Unanuek: «Alde Zaharrean etxe huts asko daude, eta guretzat alde handia da hilero 50 euro gehiago jasotzea». Jarraitu beharreko bidea Laguntza «oso positiboa» den arren, Unanuek uste du oraindik ez dela nahikoa «gazte guztiengana» iristeko. Izan ere, sei hilabete barru hasiko dira beraiek dirua jasotzen; eta, bien bitartean, gastu guztiei aurre egin beharko diete: «Lehen sei hilabeteetan ez daukazu ezer, gero jasotzen duzu laguntza, baina gazteok unean uneko momentuan bizi gara, eta zaila da egokitzea». Hala ere, hark uste du «urrats bat» izan dela 2014ko diru laguntzena, «eredu berri baten alde» aurrera egiteko. «Oraindik lan asko dago egiteko: etxe huts asko ditugu herrian, eta alokairu soziala ere hor dago. Laguntza hauek bitartekoa dira, pauso positibo bat: hasiera. Azpeitiak aukera eta proiektu pila bat ditu», esan du gazteak. Udalak ere balorazioa egin du laguntza horiei buruz. Izan ere, alokairurako horrelako diru laguntzak eskaini dituzten lehen aldia da herrian. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzen-eko ordezkariak azaldu dute 47 etxebizitza alokatzeko laguntzak eman dituela udalak. Errepikatzeko modukoa Gazteen alokairura 150.000 euro bideratu zituen udalak, eta 134.000 gastatu dituzte; guztiaren %89,33, hain zuzen. Erakundeak adierazi duenez, hurrengo urtean ere eskainiko dute halako laguntza bat, eta deialdi horretarako gordeko dute soberan gelditu den dirua. Alkatearen arabera, «etxebizitza politika berria» egin nahi dute: «150.000 eurorekin bi aukera genituen: etxe bat egin eta familia bati lagundu, edo alokairura bideratu eta 47 familiari aukera eman». Hori dela-eta, haren hitzetan, «etxe berriak egin beharrean, zaharrak kudeatzea» da une honetan beraien hautua eta helburua. Arestian esan bezala, Alde Zaharra biziberritzea ere nahi izan du udalak laguntza horiekin. Horrela, laguntza jaso duten herritar edo familietatik, 18k hautatu dute Alde Zaharra bizileku gisa; %39ak, alegia. Batez besteko errentak Udalak laguntza horien banaketa aprobetxatu du gazteek, oro har, alokairuarengatik zenbat ordaintzen duten jakiteko. 453 euroko errenta ordaintzen dute laguntza eskatu dutenek, batez beste. Udalaren arabera, gehienek 500 eta 600 euro inguruko errenta pagatzen dute; eta 400 eta 500 euro artekoa beste askok. 400 eurotik beherakoak eta 600etik gorakoak gutxiago dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide