47 etxebizitza alokatzeko laguntzak jaso dituzte Azpeitiko gazteek

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko ots. 6a, 16:27

Datorren urtean etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak mantenduko ditu Udalak, eta oinarriak adosten ari dira. 2014an, 150.000 euro bideratu zituzten alokairu sozialera, eta 134.000 euro erabili dituzte, %89,33.

47 etxebizitza alokatzeko dirua eskuratu dute Azpeitiko gazteek, udalak joan den urtean eskainitako diru-laguntzak direla-eta. 49 eskaera egin dituzte, eta 47 onartu ditu Udalak. Izan ere, kanpoan gelditu diren biek ez zituzten errespetatzen erakundeak ezarritako oinarriak. Horrenbestez, laguntza horietara bideratutako 150.000 euroetatik 134.000 gastatu dituzte; guztiaren %89,33, alegia. Udalak jakinarazi duenez, datorren urtean ere egingo dute halako deialdia, eta 2014ko laguntzetan soberan gelditu diren 16.000 euroak horretarako gordeko dituzte. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen esanetan, "aztertzen" ari dira "zer oinarrirekin" argitaratu behar duten 2015eko deialdia. Alkateak esan du "etxebizitza politika berria" egin nahi dutela: "150.000 eurorekin bi aukera genituen: etxe bat egin eta familia bati laguntzea edo alokairura bideratu eta 47 familiari laguntzea ". Hori dela-eta, azaldu du "etxe berriak egin beharrean, zaharrak kudeatzea" dela beraien helburua. Horregatik, alkatearen hitzetan, herrian alokairuan dauden "ia etxe guztiak" alokatu dituzte dagoeneko. Horrez gain, Etxeberriak esan du Alde Zaharraren biziberritzeko saikeran ere baliagarriak izan direla diru-laguntzak. Izan ere, 50 euroko gehiagarri bat eman zaie etxebizitza alokairuan hartzean Alde Zaharra aukeratu duten herritarrei. IƱaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko ordezkariak honako datuak eman ditu: Udalak eskainitako laguntza: alokairuaren %50 ordaintzea, eta 50 euro gehiago etxebizitza Alde Zaharrean hartuz gero. Jasotako eskaerak: 49. 47 onartu dira, eta bi baztertu dituzte, arauak ez betetzeagatik. Erabilitako dirua: 150.000 euro bideratu zituzten, eta 134.000 euro erabili dituzte. Erabilitako dirua ehunekotan: %89,33. Alokatutako etxeen kokapena: %39 alde zaharrean, eta %61 gainontzeko guneetan. Batez beste herritarrek ordaintzen duten alokairu prezioa: 453 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide