Azpeitiko Korrika Kulturala abian da

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 5a

Datorren asterako bi ekitaldi antolatu dituzte: 'Fausto hiritar eredugarria' antzezlana eta mus txapelketa.

Martxoaren 22an iritsiko da EAK-ren aldeko Korrika Azpeitira, eta herritarrak hasi dira giroa berotzen. Beti legez, Korrika Kulturalarekin piztuko dute herrian ekitaldirako grina. Horrenbestez, datorren astean hasiko dira Azpeitian Korrikaren aldeko lehen ekitaldiak. Oraingoz, bi ekitaldiri buruz eman dute berri batzordeko kideek. Ostiralean, hilaren 13an, Fausto hiritar eredugarria antzerki-saioa eskainiko dute Soreasu antzokian. 21:30ean hasiko da Euskal Herri osoan arrakasta lortzen ari den antzezpena, eta Sanagustin kulturgunean eros daitezke sarrerak, baita www.sanagustinkulturgunea.net eta www.soreasuantzokia.com webguneetan ere. Sarrerek hamar euro balio dute, aurrez erosiz gero; eta 12 euro, egunean bertan. Antzezlana Korrika batzordeko egitarauaren barruan badago ere, Azpeitiko Kultur Mahaia arduratu da ekitaldia lotzeaz. Bestalde, mus txapelketa antolatu dute, Haujijijai festa batzordearen laguntzarekin. Otsailaren 14an, zapatuan, 15:30ean egingo dute, Sanagustin kulturgunean. Izena egunean bertan eman behar da, 14:30etik aurrera, eta parte hartzeak 12 euro balio du bikoteko. Irabazleek otarra bat irabaziko dute, eta Gipuzkoako Korrikako txapelketako finalean jokatzeko aukera izango dute. Finala Hernanin jokatuko dute, otsailaren 28an, eta bi lagunentzako bi afari eta txapela irabaz daitezke. Bilera irekiak Korrika batzordeko kideek adierazi dute herritarrak "garaiz" dabiltzala bileretara joateko. Hurrengo batzarra asteartean, hilaren 10ean, izango da, eta 20:00etan Sanagustin kulturguneko atarian bilduko dira. Edozein zalantza dutenek natul.euskeraz@gmail.com helbidera idatz dezakete, Natul euskara taldeak bideratuko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide