Fiskalak Alegriaren eta Otamendiren zigor eskaera mantendu du epaiketa ostean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 3a

Gaur, asteartea, deklaratu dute Azpeitiko bi gazteek, eta fiskalak bi urte eta zortzi hilabeteko zigor eskaera bere horretan mantendu du. Azpeititik 22 pertsona joan dira Orhantza Alegriari eta Xabier Otamendiri babesa adieraztera.

Alegria eta Otamendi lagunekin, gaur goizean Madrilen. Gaur, asteartea, deklaratu dute Madrileko Audientzia Nazionalean Orhantza Alegriak eta Xabier Otamendik. 10:30ean hasi da epaiketa, aurreikusitakoa baino ordu erdi beranduago, eta hiru ordu inguru iraun ditu. Amaieran, fiskalari aukera eman diote zigor eskaera moldatzeko, baina bere horretan mantendu du hark. Beraz, bi urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra, zortzi urteko inhabilitazioa, isun ekonomikoa eta gizarte-lanak egitea galdegin du fiskalak. "Pou askatu" idaztea eta atxiloketaren unean ihes egiten saiatzea leporatzen diete Azpeitiko gazteei. Urola Kostako Hitzak Alegriarekin eta Otamendirekin hitz egin du, eta esan dute "itxaropena" dutela karguak kentzeko, batez ere, "terrorismoa goratzeagatik" jarri zieten zigorrarena. Hala ere, nabarmendu dute Audientzia Nazionalaren erabakiekin "edozer" gerta daitekeela, eta ez daudela "lasai". Bi azpeitiarrak izan dira lehenak deklaratzen, eta gertaturikoa kontatu dute epailearen aurrean. Haien ostean, bost ertzainek eta mediku fonrenseak deklaratu dute; eta, ondoren, akusatuen abokatuak eta fiskalak hartu dute hitza. Bi aste eta hilabete artean jakingo dute ebazpena Alegriak eta Otamendik. Bi gazteek adierazi dute herritarren erantzuna "eredugarria" izan dela. Eskerrak eman nahi izan dizkiete azpeitiar guztiei, hitz eta mezu bidez babesa adierazi dietenei eta ostiraleko argazki erraldoira joan zirenei. Horrez gain, azaldu dute 22 pertsonek lagundu dietela Madrilera, eta "asko lagundu" dietela haiek. Elkarretaratzean izango dira Dagoeneko bidean dira Alegria eta Otamendi, eta 19:30ean plazan egingo dituzten bilerara eta elkarretaratzera joateko asmoa dute. Alegriak esan duenez, iritsiz gero, beraiek emango dituzte epaiketari buruzko xehetasunak plazan. Bi gazteei babesa adierazteko egingo dute ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide