Guztientzat lege berdinak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urtarrilaren 30a

Aizpurua, Aizpuru, Uria eta Agirregomezkorta. (E. Albizu Lizaso) "Uretan denok berdinak gara". Hala dio Aitzol Agirregomezkorta Izarraitz Igeri Elkarteko entrenatzaileak, eta hori bera erakutsi dute Iker Aizpuru eta Lander Uria igerilariek, Valladoliden jokatu berri dute Espainiako Txapelketa. Egokitutako igeriketako kimuekin lehiatu dira azpeitiarrak, eta bi sari ekarri dituzte etxera: Aizpuruk urrezko domina eskuratu du banakako proban; eta taldeka, berriz, zilarrezko saria irabazi dute bien artean, beste zenbait lagunekin osatu duten taldearekin. Aizpuru eta Uria onenak dira beraienean; izan ere, uraren legeak berberak dira igerilari guztientzat, inork ezin die ihes egin haiei. Agirregomezkortak uste du igeriketak, beste kirol batzuek ez bezala, eskaintzen duela aukera «modu desberdinetako pertsonak nahasteko», eta denei aukera berdina emateko: "Hori ona da guztiontzat. Behar bereziak dituzten pertsonak taldekide bat gehiago dira gure taldean". Beraz, gainontzekoek bezalaxe entrenatzen dute bi mutilek, egunero-egunero, astelehenetik ostiralera. Eguerdietako taldean ibiltzen da Aizpuru; eta arratsaldekoetan, berriz, Uria. Lehiatzerakoan, ordea, egokitutako igeriketako txapelketetan hartzen dute parte azpeitiarrek. Izan ere, eskumuturrean arazo bat du Aizpuruk, eta adimen urritasuna, Uriak. Lehiaketa batean parte hartzeko Euskal Herritik kanpora irten diren lehen aldia izan da Valladolideko txapelketakoa, eta biek ala biek argi dute "ahaztu ezin den esperientzia" izan dela. "Hara joan ginen eta ikusi genuen gu ez gaudela hain gaizki, behar gehiago dituzten pertsonak ere badirela", nabarmendu du Aizpuruk. Jarraitzaile ugari izan dituzte Espainiako Txapelketan, eta igerilarien arabera, "erreakzionatu ezinda" gelditu ziren horrenbeste jende eta pankarta ikusita. "Uste genuen gure gurasoen kontua zela pankartena, eta harrituta gelditu ginen Azpeititik gu animatzera taldetxoa joan zelako", azaldu dute gaztetxoek. Arriskutik salbu Uria eta Aizpuru, Azpeitiko igerilekuan. (E. Albizu Lizaso) "Izugarri" gustatzen zaie Aizpururi eta Uriari igeriketa: "Guri ura gustatzen zaigu, jolas bat da", azaldu du Aizpuruk. Uriak, berriz, lagunekin lotzen du kirol hori: "Hona [igerilekura] etortzea asko gustatzen zait. Lagunak ditut hemen, eta ondo moldatzen gara guztiok". Mutilak arriskutik kanpo sentitzen dira uretan. "Futbolean, adibidez, lesioak izaten dituzte, eta hori ezin zaizu pasatu uretan. Igerian ari naizenean, lasai sentitzen naiz, badakit ezin dudala minik hartu", dio Aizpuruk. Entrenatzaileak "harro" sentitzen dira Aizpururen eta Uriaren hitzak entzunda. Izan ere, beraien helburua gaztetxoei kirola "gustaraztea" da, argi dute "bizitzaren etapa horretan" garrantzitsuena "ondo pasatzea" eta "igeritan ondo ikastea dela": "Ilusioa egiten dute garaipenek, baina hori bigarren mailan dago". Bestalde, Maider Aizpurua entrenatzaileak esan duenez, "bizitza osorako" ikasgaia erakusten diete, osasunarentzat "oso ona" delako igeriketa, eta "terapia bezala" ere erabiltzen dutelako. Haien arabera, lana "ondo" egin dute azken urteotan Izarraitzen, eta "horrela" jarraitu behar dute, "buru-belarri saiatuta". "Gaztetxo hauek, eta gainontzekoek, bizitzari buruz ere ari dira ikasten hemen. Igeriketa oso kirol gogorra da, diziplina behar duzu, zaila da egunero 25 metroko igerilekuan bueltaka ibiltzea, eta gure neska-mutilek lortu dute erronka".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide