Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iker Aizpuru eta Lander Uria igerilari kimuei harrera egin diete gaur, asteartean, Azpeitiko udalean. Izan ere, urrezko domina irabazi du Aizpuruk egokitutako igeriketako Espainiako Txapelketan, Valladoliden (Espainia). Bestalde, Aizpuruk eta Uriak, beste lagun batzuekin, zilarrezko garaikurra irabazi dute, taldeka eginiko proban.
Izarraitz Igeriketa Elkarteko kideak eta kirolarien senideak izan dira harreran, eta ongi etorria egin diete biei. Bi igerilariek eskerrak eman dizkiete beraien entrenatzaileari eta lagundu dieten guztiei, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak oparia eman die. Etxeberriak esan du "pozgarria" dela herritarrak horrelako lorpenak eskuratzea, "krisiaz soilik" hitz egiten den garaiotan. Udaletxeko balkoian gelditu da zintzilik Aupa Iker eta Lander txapeldunak dioen pankarta.