30 langilerekin hasiko dira, baina 50 izatea espero dute urtea amaitzerako. Azcue y Cia SA-ko langile ohiek osatutako Langileen Sozietateak egin du hura erosteko eskaintza
Azpeitiko Azcue y Cia SA altzari enpresaren auziko epaileak enpresa bi milioitan saltzeko baimena eman du, eta hori erosteko eskaintza langile ohiek osatutako Langileen Sozietate batek egin du, Azkue SL berria bost aste barru martxan jartzeko asmoarekin.Xabier Oleaga SL berriaren lehendakariak esan du auto hori ez dela behin betikoa, baina bai erabakiorra, konkurtsoan dagoen enpresako ondasunak bertako langile izandakoez osatutako SLaren eskuetara igarotzeko. Dagoeneko enpresako ekoizpena martxan jartzeko antolaketa lanean hasita daude langile bazkideak, eta makina berriak ere erosi dituzte.
Hala ere, auziaren ibilbide judiziala bukatzeko oraindik urrats batzuk emateko daudela azaldu du Oleagak: «Epailearen erabakiari alegazioak edo errekurtsoak aurkezteko bost eguneko epea dago. Gero, epaileak horren gainean erabaki beharko du, eta ondoren baimena emango du enpresa saltzeko. Segidan, hilabeteko epea edukiko dugu enpresa erosteko». Otsailaren erdi alderako dena amaituta egotea nahi dute.
Bi milioitan erosiko dute langile ohiek enpresa, eta behin salmenta gauzatutakoan, hilabeteko epea izango dute ordaintzeko: «Erdia Langileen Sozietateko langile bazkideen ekarpenekin ordainduko dugu; beste erdia finantza entitatekin. Finantzazio plana lantzen ari gara jada, eta laster hitzartuko dugu dena».
Pertsonak oinarri
Enpresa berriaren «sendotasuna» nabarmendu du ASLE Euskadiko Langile Sozietateen Elkartearen ordezkariak, eta horren aldeko apustua egingo dutela esan du, «Langile Sozietate ereduarentzako garrantzitsua baita proiektua». Proiektu berri honetan, aktibitatearen oinarria pertsonak izango direla nabarmendu du Yoldik: «Modu desberdin bat da negozio edo enpresa bat berriro abiarazteko, eta nahiz eta bidean oztopo asko izan, horiek gainditu daitezkeenaren erakusgarri da».
Bide judiziala eta erosketa gauzatu ostean, Azkue SL berria 22.000 metro koadroko lantegiaren eta bertan dagoen makinen jabe egingo da. Kalitate handiko parketa ekoizten hasiko dira, baina egurraren arloko ekoizpen integrala egitera iritsi nahi dute. 30 langilerekin hasiko dute bidea, eta aurten 50 lanpostu sortzera iristea dute asmoa, «2016an 100 langile izateko aurreikuspenarekin». Lantegi berrirako Azcue y Cia enpresako langile ohiekin lan poltsa bat osatu zuten, eta 74k eman zuten izena. Orain, enpresa berrirako horiek lehentasuna izango dute.
Denboran atzera egin du Eduardo Etxarte Azcueko langile ohiak. «2008an, enpresak langileokin zor bat zuen, eta zor hori kapitalizatu egin behar zela ikusi genuen. Orduan, Azkueko Langileak sortu genuen. Gero, ordea, 2012an enpresa itxi egin zen». Ordutik, egoera zailak eta oztopoak behar izan dituzte; «langileok asko sufritu dugu». Hasieran, lau langile ohik (Etxarte berak, Antonio Altunak, Jose Ignacio Azpiazuk eta Miguel Etxanizek) talde bat sortu zuten, eta Konkurtso Administrazioarekin enpresa barruan lanean pertsona bat aritzea adostu zuten. Ordutik, enpresa berriro abiarazteko aukerak landu dituzte. Horiez gain, Azpeitiko Udaleko ateak «beti zabalik» izan dituztela nabarmendu du Etxartek, eta ASLEren, sindikatuen eta alderdi politiko askoren laguntza izan dutela.