Gazteak eta musika uztartuko dituzte Azpeitiko Gaztelekuan

Nerea Uranga 2015eko urtarrilaren 26a

"Gazteek musikaren inguruan izaten duten irrika asetu eta herriko musika taldeen mundura gerturatzeko asmoarekin", Azpeitiko Gaztelekutik egitasmo bat jarriko dute martxan. Datozen hiru asteotarako antolatu dituzte ekintzak, eta denak doan dira. Urtarrilaren 30ean, 17:30ean, Azpeitiko Gaztelekura herriko lau musika taldeetako partaideak joango dira. Verrater, Elektrotxaranga, Egurra eta Kitto eta Belar Txarrak taldeetako kideek arratsaldea pasatuko dute Gaztelekuan bildutako gazteekin, eta euren esperientzia kontatuko diete. Gero, gainera taldeek entseatzen duten lokalera bisita egingo dute. Hemen parte hartzeko urtarrilaren 28rako izena eman behar da Gaztelekuan edo Gazte Informazio Bulegoan. Otsailaren 6an, 17:30ean, Gaztelekukoek Antxieta Musika Eskolara bisita egingo dute. "Bisita berezia izango da, gazteek musika instrumentu desberdinak probatzeko aukera izango dute: besteak beste, bateria jo edota lurreko piano handian saltoka aritzekoa", esan dute Gaztelekukoek. Hemen parte hartzeko ere urtarrilaren 28rako izena eman behar da Gaztelekuan edo Gazte Informazio Bulegoan. Otsailaren 14an, 18:00etatik 21:00etara, Inauterietako Festa egingo dute Gaztelekuan. Mozorro-Karaoke-Afaria antolatu dute ordurako. Gainera, mozorro originalenarentzat sari berezia egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide