Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Soreasuko Sebastian Donearen parrokiko organoko teklak ukitzen dituen musikaririk gazteena da, ziur aski, Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998). Duela lau urte hasi zen Arakistain organoa jotzen, baina atzo jardun zuen lehen aldiz San Sebastian Eguneko mezan, Jose Luis Frantzesena maisuari jarraipena emateko.
Ardura handia sentitu al duzu zuen betiko maisuaren ordez jotzean?
Jakina, zaila da Frantzesena ordezkatzea. Gainera, hain justu, alboan izan dut goiz osoan; berari begiratzen nion, eta keinu baikorrak egiten zizkidan. Horrek lagundu dit.
Gustura gelditu al zara mezan zehar eginiko lanarekin?
Bai, uste nuena baino lasaiago egon naiz. Felipe Murillo abesbatzako zuzendariak ere zorionak eman dizkit mezagatik, eta pentsatzen dut ondo aritu naizela.
Abesbatza da elizako beste instrumentua, harekin koordinatzeak zailtasuna eransten al dio zure lanari?
Jakina. Organoa jotzea soilik balitz, nire ardura izango litzateke dena, eta neuk kudeatu beharko nuke erritmoa; baina abesbatza hor dagoenez, zuzendaria eta bion artean moldatu behar gara.
Bi laguntzaile izan dituzu saioan. Zein da beraien eginkizuna?
Bai, Mikel Arenasek eta Ander Etxabek lagundu didate, eta eskerrak eman nahi dizkiet biei. Erregistratzen eta orrialdea pasatzen laguntzen didate, baina hori baino gehiago egiten dute: laguntza morala eta lasaitasuna ematen dizkidate, ondoan ditut beti.
San Sebastian Eguneko meza berezia izan ohi da, ezta?
Bai, meza popularra da. Hurrengo urtean ere joko dut aukera hori ematen badidate. Niretzat, azpeitiar bezala, San Sebastian Eguna urteko egunik ederrena da, eta ohorea da egun horretan jotzea.
Organoa jotzen duten gazte gutxi daude gaur egun, ezta?
Bai. Gainera, organoa oso instrumendu ederra da, ezagutu egin behar da hori jakiteko; jotzen hasi nintzenetik, gero eta gehiago gustatzen zait egunetik egunera. Errespetua ematen duen tresna da; handia, itxuraz eta soinuz. Jendeari atzerakoa ematen dio elizan dagoelako, baina guk ez ditugu elizako kantak jotzen, guk musika obrak interpretatzen ditugu. Bakoitzak bere literatura bizi behar du; letrek letrena eta musikak musikarena, ez dute zertan bat etorri. Piano apur bat dakien edonor animatuko nuke organoa probatzera.
Zer urrats eman dituzu zuk honaino iristeko?
Juan Antxieta musika eskolan hasi nintzen pianoa ikasten, txikia nintzela. Ondoren, Donostiako kontserbatoriora joan nintzen, duela bi urte. Organoa, berriz, duela bost urtetik jotzen dut. Frantzesenarekin hasi nintzen, eta hemen jarraitzen dugu. Apurka-apurka bidea urratzen joan gara, eta begira non gauden.