Lurraldebus-en Mugi txartela atera daiteke Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 15a

Lurraldebus-en Mugi txartela atera daiteke Azpeitiko Valverde drogerian. Aldaketak egiteko edo txartela berritzeko izapideak han bete daitezke hemendik aurrera, eta txartela diruz kargatzeko aukera ere emango dute. Plaza ondoan dago Valverde saltokia, Goiko Kalean. Mugi txartela erabiliz gero, herritarrek garraio publiko gehienak txartel bakarrarekin ordaintzeko aukera izango dute. Izan ere, tarifa sistema berria ezarri dute Gipuzkoan, behar guztiak euskarri bakarrarekin ase daitezen. Asteartean eginiko ohiko udalbatzarrean, Mugi txartelaren inguruan mintzatu ziren udal zinegotziak. Aho batez onartu zuten udalak eta Gipuzkoako Garraioen Lurralde Agintaritzak hitzarmena sinatzea, Mugi-rekin lotutako datuak elkarri uzteko. Kiroldegiko hitzarmena Udalbatzarrean onartu zuten hitzarmena luzatzea Bpxport Kirol Zerbitzuak enpresarekin ere, hau da, harrera, uretako sorospenak, igeriko jarduerak, aerobik, mantenimenduko gimnasia, muskulazio eta antzeko jarduera fisikoen zerbitzuak eskaintzen dituenarekin. Igerilekuan aldaketak egon direnez, hitzarmena ere «moldatu» egingo dutela esan zuen Eneko Etxeberria alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide