Natul euskara taldeak herritarrak gonbidatu ditu beraien erakusketara eta luntxera

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 9a

Azpeitiko Natul euskara taldeak erakusketa estreinatuko du asteartean, hilaren 13an, Sanagustin kulturgunean. Hori dela eta, luntxa antolatu du elkarteak, eta azpeitiar guztiak gonbidatu ditu, erakusketa ikusiz, otordu txikia probatzera. Luntxa asteartean bertan izango da, 20:00etan, eta erakusketa ikusgai izango da hilaren 27a bitartean. Natul taldeak bere oinarriak islatu nahi izan ditu erakusketan; eta, horretarako, herriko bederatzi artisten laguntza jaso du. Haien esanetan, taldearen izaera plazaratzeko modu "erakargarria eta kooperatiboa" nahi izan dute erabili: "Euskara guztion altxorra denez, Natulen helburuak ere denon helburuak izateko bidea urratu nahi dugu". Beraz, taldearen oinarriak hamar puntutan banatu dituzte, eta bederatzi artistek puntu horiek islatu dituzte marrazki, argazki, collage eta diseinuen bidez. Erakusketan parte hartu duten artistak honakoak dira: Olatz Aguado, Itziar Aranguren, Jon Etxaniz, Naiara Goenaga, Iban Izagirre, Iñaki Martinez, Xanti Rodriguez, Enok Sudupe eta Lierni Varela. Euskara elkarteak jakinarazi duenez, erakusketak irauten duen bitartean, postontzi bat jarriko dute Sanagustinen, herritarrek beraien gustuko artelana aukera dezaten. Behin erakusketa amaitzen denean, urtarrilaren 27an, postontziko paperak jaso eta lanak zozketatu eta banatuko dituzte botoa ematen dutenen artean. Bestalde, marrazkiak Interneten ere zintzilikatuko dituzte, eta boza emateko aukera jarriko dute sare sozialen bitartez edo natul.euskeraz@gmail.com helbidera mezua bidalita. "Iritzia ematearekin soilik artelan horietakoren bat etxera eramateko aukera izango dute herritarrek", esan dute. Horrez gain, boza emateko paperetan, aukera izango dute azpeitiarrek Natul taldeari ekarpenak egiteko edo egitasmoak proposatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide