Hasi da Gabonetako kanpaina Azpeitian

miriam tamayo 2014ko abenduaren 11

Udaleko, Kultur Mahaiko, Bertan Merkatari elkarteko eta Gazteria saileko ordezkariak kanpainaren aurkezpenean (Miriam Tamayo/Hitza) Bertan Merkatari elkarteak, Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak adin guztietako ekintzak antolatu ditu Gabon jaietarako. Iñaki Portilla, Azpeitiko Udaleko Merkataritza zinegotziak adierazi duenez kanpaina honekin "herritarrak herrian geratzea eta herrian kontsumitzea" du helburu. Bertan Merkatari Elkarteak eta Azpeitiko Udalak hirugarrenez antolatu dute erakusleiho lehiaketa. 24 dendak hartzen dute parte eta abenduaren 20an emango dute irabazlearen izena. Horrez gain, Azpeitiko merkatari elkarteak 2.000 euro zozkatuko ditu Bertaneko dendetan erosten duten bezeroen artean. Sariak 3 egun ezberdinetan banatuko dira: abenduaren 22an, abenduaren 29an eta urtarrilaren 5ean. Bestalde, haurrentzako haur parkea ere egongo da Gabonetan Izarraitz Pilotalekuan merkatari elkarteak antolatuta. 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta 2 euro ordaindu beharko da. Haur parkea 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik ondorengo egunetan: abenduaren 22an, 23an, 26an, 27an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an. Haurrentzat eta gazteentzat aukera Azpeitiko merkatariekere erosketa bonoa kaleratuko dute. Bonoa astelehenetik aurrera egongo da salgai eta 40 euro ordainduz hamar euroko bost txeke jasoko dira herriko denda guztietan gastatzeko. NKN, Trapos, Kukua eta Martija parafarmazian eta Bertanen bulegoan erosi ahal izango dira bonoak. Herritar bakoitzak 2 bono erosteko aukera izango du. Gazteria sailetik ere, hainbat ekintza antolatu dituzte eta besteak beste Txuri Urdinera irteera, perkusioa tailerra eta talde jolasak egingo dira. Haurrentzako euskarazko zine zikloa ere antolatu dute urtarrila hasierarako. Azpeitiko Kultur Mahaiak Badator Olentzero! ikuskizuna antolatu du herriko elkarte ezberdinekin abenduaren 19rako. Saioa Soreasun izango da 19:00etan. Abenduaren 20rako Azoka Herritik egitasmoa antolatu dute Sanjuandegi auzoan I. Kooperazio Astearen baitan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide