Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Kultur Mahaiak herriko hainbat taldeekin antolatutako ikuskizuna da abenduaren 19koa. Saioa 19:00etan izango da Soreasu Antzokian.
Bi istorioetan oinarritutako antzerki bat izango da: "Alde batetik Olentzero eta Maridomingi izango ditugu eta bestetik Azpeitiko familia bat. Bertan bi istorioak elkartuko dira" argitu dute ikuskizunaren antolatzaileek. Antzerkiaz gain, dantza, abestiak eta musika ere izango dira bertako protagonistak.
Lakrikun taldeko Alaitz Olaziola gidoilariak egin du ikuskizunaren gidoia eta "hilabete luzez landutako lana eta hasierarik amaieraino herritarrek landutako ikuskizuna" izango dela diote antolatzaileek.
Honakoak dira bertan parte hartuko duten herritar taldeak: Lakrikun Antzerki Taldea, Azpeitiko Metal Boskotea, Julian Barrenetxea abesbatza, Juan de Antxieta musika eskola, Itsasi kultur taldea, Sahatsa dantza taldea, Azketa taldea, haur eta gaztetxoen antzerki eskola, Azpeitiarron Napar Zuzterrak, Mirari Zubizarreta dantzaria eta herriko beste hainbat aktore, bertsolari eta artista, besteak beste.
Kultur Mahaiak dioenez, herritarrekin "elkarbanatu" nahi dute prestatzen ari diren ikuskizuna: "Gaur egungo istorio bat ikusiko dugu taula gainean. Gaur egun, Azpeitiko edozein etxeetan kokatzeko istorioa, publiko guztiarentzat egokia eta gogoetarako gaia ere ematen duena".