Azpeitian, musikaz betetako asteburua

miriam tamayo 2014ko abenduaren 5a

Azpeitiko Metal Boskoteak eta Tuba Jaialdiko lantaldeak antolatu ditu asteburu honetan ospatuko diren Azpeitiko I. Metal Topaketak. 2012ko Tuba Jaialdian metalezko musika tresnen inguruko ikastaro bat antolatu zuten, eta Agustin Jimenez Tuba Jaialdiaren antolatzaileak azaldu duenez, ikastaroa «ondo» joan zen arren, tuba jaialdiaren barruan kokatzeko gauza gehiegi pilatzen ziren. Hala, metal topaketa batzuk antolatzea erabaki dute. Jimenezek azpimarratu du aste honetakoa topaketa «zabala» izatea nahi dutela: «Gure jardueraz gozatzen eta gehiago ulertzen erakutsi nahi diegu ikuslegoari eta musikariei». Adin guztientzako ekintzak Biharko, etzirako eta astelehenerako hainbat ekintza antolatu dituzte Azpeitiko I. Metal Topaketen barruan. «Egitarau zabal eta ezberdina programatu dugu. Ikusleentzat zein musikarientzat erakargarria izango den egitarau zabala», azpimarratu du Jimenezek. Bihar hasiko dira topaketak, eta lehenengo ekintzan haurrak izango dira protagonista Musika tresnekin jolasten eta ikasten izeneko ikastaroan. Bertan Santi Agirrezabala eta Ekain Ibarguren antzezleek eta Jon Aramendi, Iñigo Aranbarri, Ibai Pastor eta Agustin Jimenez musikariek hartuko dute parte: «3-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastaroa da, eta jolasak eta lehiaketa dibertigarriak egongo dira bertan», argitu dute antolatzaileek. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dituzte. Ondoren, Azpeitiko Metal Boskoteak euskal kanten inguruko kontzertu bat eskainiko du Sanagustin kulturgunean. Besteak beste, Aitormena, Udazken Koloretan, Xalbadorren Heriotzean eta Lau Teilatu abestiak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Larunbatean, berriz, David Muñoz tuba irakasleak Airearen garrantziaz airezko musika tresnetan eta ikasketa denboraren aprobetxamenduaz ikastaroa eskainiko du. Bertan parte hartzeko 15 euro oraindu beharko dira. Arratsaldean aBRASSados Donostiako kontserbatorioko ikasle taldeak kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean. Topaketei amaiera emateko, Metal Eguna ospatuko dute astelehenean. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Egunaren amaieran, 40 musikari inguruk hartuko dute parte Soreasu antzokian eskainiko duten kontzertuan. Egun horretako ekintzetan parte hartu nahi dutenek 25 euro ordaindu beharko dituzte (hamaiketakoa eta bazkaria sartzen dira prezio horretan). Azpeitiko I. Metal Topaketen egitaraua Abenduak 6, larunbata. - 17:30. Musika tresnekin jolasten eta ikasten. Sanagustin kulturgunean. - 19:30. Azpeitiko Metal Boskotearen euskal abestien kontzertua. Sanagustin kulturgunean. Abenduak 7, igandea. - 17:00. Airearen garrantziaz, airezko musika tresnetan eta ikasketa denboraren aprobetxamenduaz ikastaroa. David Muñozen eskutik. Udaletxeko 4. solairuan. - 19:30. aBRASSados taldearen kontzertua. Sanagustin kulturgunean. Abenduak 8, astelehena: Metal Eguna - 09:15. Ongietorria, Soreasu antzokian. - 09:30. Juanjo Munerak eskainitako ikastaroa. - 11:00. Hamaiketakoa. - 12:00. Musika tresna bakoitzaren lanketa berezia. - 14:30. Bazkaria. - 17:00. Entsegu orokorra. - 19:00. Azpeitiko I. Metal Topaketa Brassband kontzertua, Soreasu antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide