Liburuaren egileak eta herriko ikastetxeetako ordezkariak (Miriam Tamayo/Hitza)
Azpeitia Ezagutzen izeneko lehenengo liburua iazko irailean aurkeztu zuten historiaurretik eta Aro Berriraino lotutako gaiekin. Aurrenekoa bezala, bigarrengo liburuak bi unitate didaktiko ditu: Handitzen handitzen eta Jaso dugun altxorra. Bigarren liburuxka Aro Berritik Aro Garaikidera doazen gaiak lantzen ditu. Liburuxkaren egileek adierazi dutenez, ikasleek ulertu ahal izateko modu "sinplean" azaldu dituzte bertan azaltzen diren gaiak.
Aurrenekoan pertsonaiak erabili zituzten liburuaren edukiak azaltzeko eta bigarrengo honetarako Agirretarrak familia sortu dute. Olatz Aranguren arduratu da liburuak biltzen dituen edukiak lantzen eta berak dioenez hainbat gai dira nagusi bigarren liburuxkan: "Azpeitiko auzoak eta inguruak ezagutarazi nahi diegu herritarrei. Besteak beste, garai horietako lanbideak, baserriak, azoka, merkataritzaren garapena, emakumeen garrantzia gaur egungo herria garatzerakoan, mendiak, animaliak eta inguruko landareak dira liburu honetan biltzen diren gaiak.
Iban Eizagirre arduratu da bigarrenez liburuxkaren marrazkiez. Berak dioenez, bigarren liburua egitea "errazagoa" izan da izan ere aurrenekoan hasieratik hasi behar zuten.
Hirugarrena udaberrian
"2013-2014 ikasturtean egindako lana eskoletan eta jubilatuei eta herritarrei zabaltzen aritu gara eta erantzun ona jaso dugu. Urrats sendoekin gure proiektua finkatu egin da" adierazi du Mari Jose Iturria, Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zinegotziak. Azpeitia Ezagutzen liburuen proiektua "xumea" dela dio Iturriak eta poliki-poliki tokiko curriculumaren barruan kokatu nahi dutela azpimarratu du: "Bide batez gure herriko curriculuma osatzen eta hedatzen joateko".
Udaletik argitu dutenez, Azpeitia Ezagutzen proiektuaren hirugarren liburuan udaberrian aurkeztuko dute eta XIX. XX. eta XXI. mendeak izango ditu ardatz.