Ekitaldiaren antolatzaileak gaurko aurkezpenean (Miriam Tamayo/Hitza)
Irrien Lagunak taldekoak Soreasu antzokian izango dira abenduaren 13an. Txernobylgo haurrei laguntzeko ikuskizun bat eskainiko dute, eta sarrerekin lortutako dirua Gipuzkoako Chernobilen Lagunak elkarteari emango diote. Kantu saio berezia 17:00etan izango da, eta sarrerak 5 eurotan salduko dituzte.
Atzo aurkeztu zuten ekitaldia. Kontxita Martija Azpeitiko Udaleko zinegotziak adierazi zuenez, Azpeitiko hainbat taldek hartuko du parte Soreasuko ikuskizunean, eta herriko pertsona ezagunen artean Sebastian Lizaso eta Jose Mari Orbegozo izango dira oholtza gainean. Bihar jarriko dituzte sarrerak salgai, ondorengo lekuetan:
Azpeitian Ametsa tabernan eta Sanagustin kulturgunean;
Azkoitian Ttakun eta Zurt tabernetan; eta
Zestoan Fati eta Irantzu tabernetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, abenduaren 13ko ekitaldira joan ezin dutenek elkarteari diruz laguntzeko aukera izango dute kontu korronte zenbaki honen bitartez: 3035-0063-87-0630069882.
Irrien Lagunak taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu duten hitzarmen baten ondorioz egingo dute abenduaren 13ko ekitaldia. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua ere aurkezpenean izan zen, eta esan zuenez «gizarte arloko jarduerak laguntzeko eta jolasa eta elkartasuna uztartzeko asmoz» sortutako hitzarmena da. Ane Piratak, berriz, esan zuen Irrien Lagunak Gizartekintza taldearen helburua dela elkarteek egiten duten lan guztia «gizarteratzea», eta Chernobilen Lagunak elkartearen lana goraipatu zuen atzokoan.
Bizi itxaropenean eragina
1996. urtean sortutako elkartea da Chernobilen Lagunak, eta Gipuzkoa mailan egiten du lan. Bertatik adierazi dutenez, 30 familik hartzen dute parte Txernobylgo haurrak Euskal Herrira ekartzen eta hori da elkarte «txiki» horren helburua: «Udan Gipuzkoara ekartzen ditugun haurrak bi hilabete pasatzera etortzen dira, eta hori oso onuragarria izaten da beraientzat. Izan ere, Txernobyl inguruko erradiazioa dela-eta, hona etortzen diren bakoitzean haur horien bizi itxaropena 4 edo 5 urte hazten da».
Elkarteko kideek azpimarratu dutenez, hiru helburu ditu Irrien Lagunekin sortutako ekitaldiak: alde batetik, elkarteak egiten duen lana «plazaratu» nahi dute; bestetik udan Txernobyldik etorritako haurrentzako familia gehiago aurkitu nahi dituzte; eta, azkenik, elkarteak martxan jarraitu ahal izateko finantzazioa lortu nahi dute. Izan ere, elkarteak aurrekontuaren ia %80 haurren bidaietan gastatzen du.
Chernobilen Lagunak elkarteak laguntza ekonomikoa eskertu dute, eta Soreasuko ekitaldian parte hartuko duten taldeei eskerrak eman dizkie: «Eman diguten laguntzagatik eta gaia honetaz kezkatuta eta laguntzeko prest daudelako eskerrak eman nahi dizkiegu. Guretzako oso garrantzitsua da hori».