Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria eta Leire Etxaniz, Azpeitiko Udaleko zinegotzia topaketen aurkezpenean (Miriam Tamayo/Hitza)
Hazi mota ezberdinak berreskuratzeko eta mantentzeko helburuarekin sortutako proiektua dela dio Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioako zuzendariak. Hernandezen arabera, baratza txikiak edo aisialdiko baratzak dituztenen arteko hazi trukaketa sustatu nahi da: "Ez bakarrik trukaketa fisikoa, baizik eta hazien inguruko esperientziak ere doan trukatzea da topaketen helburua".
Cristina Enea Fundazioko zuzendariak dioenez "poz-pozik" daude proiektuaren ibilbidearekin, eta topaketak Donostiatik kanpo zabaltzeko erabakia hartu dute: "Proiektua Gipuzkoa mailan zabaltzea nahi dugu ahal dugun jende gehiagorengana heldu ahal izateko. Proiektua sare baten bitartez eraiki nahi dugu Gipuzkoa osoan zehar". Proiektua bi fasetan dago banatuta: lehenengo fasea hazien nondik norakoak azaldu eta gaiaren inguruan jende aditua ekartzea da, eta bigarrengo fasea hazien trukaketa izango da.
Ostiralero, Azpeitiko udaletxearen arkupetan egiten den baserritarren azokaren harira, haziak trukatzeko eta dastatzeko eta horien inguruan informatzeko aukera egongo da. Ostegunean ere, pintxo potearen baitan, bertako barazkiekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera egongo da Sanagustin kulturgunean.
Cristina Enea Fundazioa Euskal Herriko hazien gida prestatzen ari da eta udaberrian aukeztuko dutela argitu du Hernandezek. Azpeitiko Udalak eta Cristina Enea Fundazioak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu topaketan antolatutako ekitaldietan parte hartzera. Tailer eta ekintza guztiak doan izango sirela azpimarratu dute.
Leire Etxaniz, Azpeitiko Udaleko Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, "hazian eta beraien inguruko jakinduria zabaltzeko asmoz antolatu dira topaketak". Izan ere, proiektu hau Donostian dago martxan eta Azpeitia da hiri horretatik kanpo topaketa hauek antolatzen dituen lehenengo herria.
Egitaraua:
Azaroak 25, asteartea
-
19:00etan: Gerra Zibilaren aurreko baserria, laboreak eta haziak izeneko hitzaldia. Hizlaria: Pedro Berriotxoa. Sindikatu Zaharrean.
Azaroak 26, asteazkena
-
19:00etan:
Euskal Herriko Hazien Gida-Liburua argitaratzeko proiektuaren aurkezpena. Sindikatu Zaharrean.
-
19:30ean: Sembrando biodiversidad: la importancia de las semillas en la historia de la agricultura izeneko hitzaldia. Hizlaria: Marc Badal. Sindikatu Zaharrean.
Azaroak 27, osteguna
-
19:00etatik 21:00etara: Pintxo Potea Sanagustin kulturgunean. Bertako barazkiekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da.
Azaroak 28, ostirala
-
17:00etatik 21:00etara: Bioaniztasun Landuaren Azoka baserritarren azokaren baitan. Plazan.
-
18:00etan: Nondik datoz haziak? izeneko haurrentzako eta helduentzako jolasa.
-
17:30etatik 18:30etara: Kaleko gastronomia tailerra. Sukalde Guerrilla - Food for Freedom.