Soul musika, gertutik Azpeitian

miriam tamayo 2014ko aza. 20a, 06:15

Azpeitiko saioaren aurretik, Gasteizen eta Bilbon ariko dira kontzertuak eskaintzen
(promosapiens.net) Aurora & The Betrayers musika talde madrildarrak kontzertua eskainiko du larunbat honetan Sanagustin kulturgunean. Saioa 23:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude: aurretik erosita 6 euro ordaindu beharko da, eta kontzertuaren egunean 8 euro. Soul taldeak bira txiki bat egingo du asteburu honetan Euskal Herrian. Izan ere, larunbatean Azpeitira etorri aurretik Gasteiztik eta Bilbotik pasatuko dira. Aurora Garcia taldeko abeslariak UROLA KOSTAKO HITZAri aitortu dioenez, Euskal Herrira eta Azpeitira etortzeko «irrikaz» zeuden: «Euskal Herrian musika ezagutza handia dago. Beraz, toki berezia da. Kontzertzuak eskaintzera joan beharreko leku bat dela uste dut». Garciak azpimarratu du Euskal Herrian musikazale asko daudela, baita biniloak erosten dituztenak ere: «Bertako jendeak musika asko entzuten du. Euskal Herria toki fetixea dut». Hala ere, Azpeitian kontzertu bat emateko eskaerak harritu egin zituen: «Otsailean sortu genuen musika taldea, eta oraindik ez dugu izan zuzeneko kontzertu asko eskaintzeko aukerarik. Ohore bat da Azpeitian jotzeko deitu izana», esan du Aurora & The Betrayers taldeko ahotsak. Kontzertu «bitxia» «Larunbateko kontzertuan dena emango dugu, oholtza gainera igotzen garen bakoitzean egiten dugun bezala», azpimarratu du Garciak. Gainera, madrildarrak azaldu du jarraitzaileak badituztela Euskal Herrian, eta jarraitzaile horiek eskatzen dietela euren herrietan kontzertuak emateko: «Gustuko ditut jarraitzaile euskaldunak. Izan ere, asko begiratzen eta analizatzen dute guztia, eta hori sinale ona dela uste dut». Aurten sortutako musika taldea izan arren, atzerrira joateko helburua dute: «Oso zaila da hemendik irtetea, eta prosezu oso luzea izaten da. Baina, baliteke atzerrian gure musika hobeto ulertzea». Abeslariak herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko kontzertura: «Ez gara talde handi bat eta nik uste dut jendea harrituta geratuko dela. Bertaraino gerturatzen diren guztiek dantza egiteko aukera bat izango dute. Kontzertu bitxia eta interesgarria eskainiko diegu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide