[caption id="attachment_115828" align="aligncenter" width="300"]

Natalia eta Jaume Donostiatik etorri dira Azpeitiko hauteslekuan botoa ematera (Nerea Uranga/Hitza).[/caption]
Jaume eta Natalia izan dira aurrenekoak botoa ematen Azpeitian. Sanagustin kulturguneko atarian zeudenen txaloak ere jaso dituzte, eta euren semeetako batek sakeleko telefonoarekin argazkia atera die bozkatzen zuten bitartean. Bost lagunek eman dute botoa Azpeitian. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea ere bertan egon da, eta bozka eman dutenak banan-banan agurtu ditu.
Herritar talde batek Katalunian egingo den independentziaren inguruko kontsultaren harira, Azpeitiko udaletxearen arkupetan hauteslekua jarri du 09:00etatik 12:00etara. Jaume eta Natalia Tarregakoak dira, baina lanagatik duela bi hilabetetik Donostian bizi dira. "Prentsaren bidez jakin dugu Azpeitian bozka emateko hauteslekua jarriko zutela. Bozkatzera Kataluniara joateko zaila geneukan, eta Azpeitira etortzea erabaki dugu, eta oso pozik gaude aukera hau dugulako. Demokrazia nahi dugunok gobernu eta politikoengan deskonfiantza dugu, eta gelditzen zaigun arma bakarra botoa ematea da. Horregatik goaz bozkatzera, hauxe baita gaur egun egin dezakegun keinurik handiena", esan du Jaumek bozkatu ostean. Kataluniako kontsulta irratiz eta segitzen ari direla esan du Nataliak. Bozka eman ondoren eguna Azpeitian pasatuko dutela esan dute. "Tarregaren antz handia hartu diogu Azpeitiari", gaineratu dute.
[caption id="attachment_115833" align="aligncenter" width="300"]

Zestoan bizi den Annak ere eman du bozka Azpeitian (Nerea Uranga/Hitza).[/caption]
Duela ia bi urtetik Zestoan bizi den Anna izan da Azpeitiko hauteslekuan hirugarrena bozka ematen. Terrassakoa da izatez, "bozka Katalunian bertan ematea gustatuko zitzaidan, baina hemen aukera hau dudalako oso pozik nago". Azpeitian hauteslekua jarri behar zutela gaur goizean jakin du, "lagun batek esan dit, eta etorri egin naiz".
[caption id="attachment_115834" align="aligncenter" width="300"]

Azpeitian bizi diren Anna eta Jose botoa ematen (Nerea Uranga/Hitza).[/caption]
Azpeitiko hauteslekuko azken bi botoak Azpeitian bizi diren Annak eta Josek eman dituzte. Hauek ere izatez Terrassakoak dira, baina azken bederatzi urteotan Azpeitian bizi dira. "Ondo iruditzen zaigu Azpeitian hauteslekua jartzea, gure familia osoak bozkatuko du eta guk ere horretarako aukera dugu horrela. Atzo jakin zuten bizi diren herrian bozkatzeko aukera izango zutela, "kasualitatez".