Errepublika garaiko azken Udal Gobernua aitortzeko plaka jarri dute Azpeitian

Ane Olaizola 2014ko irailaren 20a

1936ko irailaren 20an Elosegiatik eta Mandubitik tropa frankistak sartu ziren Azpeitira, eta orduko udal gobernuko alde egin beharra izan zuela eta, haiek eta Frankismoaren "errepresioa" sufritu zuten guztiak oroitzeko plaka bat jarri dute gaur eguerduan, udaletxe sarreran. Egungo udal ordezkari, alkate ohi, orduko udal gobernuko kideen senide eta herritar ugari elkartu dira udaletxe azpian, eta Eneko Etxeberria alkateak esker oneko hitzak izan ditu haienganako: "Gure mendiak, hizkuntza, kaleak, kultura, herritarrak… maite zutelako erakutsi zuten balio horiengatik sakrifikatzeak merezi duela, dana ematea merezi duela, bizia ematea merezi duela". Azpeitiko alkateak ekitaldian adierazi duenez: "Loiolan genuen Eusko Gudaroztea, gure herriaren historiaren liburua urrezko hizkiekin idatzitako izenekin, Agirre lehendakaria, Telesforo Monzon handia, eta Euskal Herriak izan duen komandante hoberena zen Kandido Saseta. Gudariek atzera egin beharra izan zuten, eta Elgoibarren, anai bizkaitarrekin batera tropa frankistak gelditu zituzten. Bertan "goazen gudari denok" lelopean omentzen ari dira une hauetan. Bizia eman zuten askok, baina tropa frankistak geratzea lortu zuten. Eta ez alferrik, nazioa honen zutabeak eraikitzeko Agirre lehendakari urrezko denbora eman zioten eta". Aranzadi Zientzia Elkartea 36ko Gerran Azpeitian zer gertatu zen ikertzen ari da, eta elkarteko ordezkari bat ere izan da ekitaldian. Ikerketarekin amaitu ez badute ere, egun dituzten datuak plazaratu dituzte. Elkartearen arabera, 300 errepresaliatu izan ziren herrian, eta horietatik 200 kontseilu gerran epaitu zituzten. 12 pertsona inguru, berriz, fusilatu egin zituztela azaldu du Aranzalik.  "Ikerketarekin egia ezagutu nahi dugu, halako aitortzak egin ahal izateko", esan du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide