Karting probak berreskuratuko dituzte Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 18a

[caption id="attachment_104076" align="aligncenter" width="300"]Karting proba Iñaki Aiertza eta Iñaki Areizaga, antolaketa lanetako bi kide (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption] Bederatzi urte igaro dira Azpeitian azkeneko karting proba antolatu zenetik. Gaur kart-ak, motor txikiak eta  handiak izango dira ikusgai Azpeitiko Damaso Azkue auzoan. Euria saihesteko asmoz, antolatzaileek karting proba ordubete lehenago hastea erabaki dute, horren ondorioz, 14:30ean hasiko da. Antolatzaileek adierazi dutenez, probaren helburua "saltsa" pixka bat sortzea eta karting mundutik aparte dauden herritarrei kart-ak gerturatzea izango da. Kart-en proba hainbat mailatan sailkatuko da: alebinak (7-10 urte bitartekoak), kadeteak (10-12 urte bitartekoak), juniorrak (12-16 urte bitartekoek) eta azkenik KZ2-koak egongo dira karting proban. Herriko partaide gehienek azken maila honetan hartuko dute parte eta 140 kilometro orduko abiadura hartzen dutenez, antolatzaileek horrek ekartzen duen arriskuaz ohartarazi dituzte herritarrak: "Proba hau ondo pasatzeko antolatu dugu, ez dezagun guztion bizia arriskuan jarri". Ikusleei bihar jarriko diren hesien atzean mantentzeko eskatu diete. Karting probaren ibilbidea Etxe Zuri taberna parean hasi eta amaituko da, eta Azpeitiko Liburutegiaren eta Burdinbidearen Museoaren ingurutik pasatuko dira. Motor txikiek eta handiek ere beraien lekua izango dute ikuskizun honetan. Antolatzaileek diotenez, hauek izango dira ikuskizun handiena sortuko dutenak. Antolatzaileek herritarrak parte hartzera animatzen dituzte: "Azpeitian zaletasun handia dago, eta biharkoa egun oso polita izan daiteke".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide