http://youtu.be/QnhuH0PKTBo
Denboraldia "gogoangarria" izaten ari dela azpimarratu du Jose Luis Zubizarreta
Xubi-k, Iraurgi Saskibaloiko koordinatzaileak. Izan ere, kadete eta junior mailan Euskadiko bi titulu lortu dituzte, eta bigarren urtez jarraian lau talde sartu dira Euskadiko lau talde onenen artean. "Goraipatzekoa da nesken Zurt Taberna ISBko taldeak lehen aldiz Emakumezkoen Lehen mailako Lauko Finala jokatu du; junior mailan Movilquick Azpeitia ISB, eta kadete mailan Gerdau Azkoitia ISBk Euskadiko txapeldunak izan dira aurten". Juniorretako taldea, Espainiako Txapelketa Guadalajaran jokatzen ari da atzo hasi eta maiatzaren 17ra arte.
Azpimarratzekoa da Iraurgi SBko maila guztietako zenbait jokalari Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatzeko deitu dituztela. Espainiako Selekzioaren kasuan, lau mutil euskaldunek parte hartuko dute udan jokatuko den Europako Txapelketan eta horietako bi Xabi Oroz eta Aitor Astigarraga Iraurgi SBko jokalariak dira. Guzti honek klubaren kanporako irudia handiagotzen duela azpimarratu dute Iraurgi SBtik.
Jose Luis Zubizarreta,
Xubi prentsaurreakoan (Miriam Tamayo/Hitza)
Zilarrezko LEB ligako taldeari dagokionez, "kiroldegira joaten den jendearen saskibaloi zaletasuna sortu duen taldea da, eta hori eskertu egin behar zaio". Horrez gain, aurten Azpeitia Azkoitia ISBk hamargarren postuan amaitu du liga entrenatzaile gazteena aulkian edukita. Denboraldia zailtasunekin hasi arren, playoffetan sartzeko puntuan egon zen taldea. Iraurgi SBko entrenatzaileen mailen gorakada aipatu nahi du Xubik: "Entrenatzaile gazteak hobetu eta beraien formazioan jauzi handia ematen ari dira".
Emakumeen parte hartzea eskatzen du klubak entrenatzaile eta erabakiak hartzeko arloetan. "Entrenatzaile bezala eta erabakiak hartzeko orduan emakumezkoen kopurua txikia da, ia emakumerik ez dabil. Eta, uste dugu argazkiak bestelakoa izan beharko lukeela". Zuzendaritza berritzekoak dira ISBkoak aurten, eta emakumeak kontutan hartuta lehengoak ezin duela izan esan du.
Azpiegitura gabezia ere aipatu du ISBkoak. "Azpeitiko kiroldegia asko erabiltzen dugula egia da, baina kontutan hartu behar da hogei talde ditugula. Kiroldegiaz gainera, Azkoitiko kiroldegia, Urola ikastolako azpiegiturak, Ikasberrikoak... ere erabiltzen ditugu. Baina, hala ere instalazio aldetik gabeziak ditugu".
25.000 euro lortu beharra
Nahiz eta denboraldia oso ona izan, klubaren "itzalak" azpimarratu ditu Iraurgi SBko koordinatzaileak. Klubak ez du zorrik, baina aurrera begira ahalegin handiak egiteko beharra argitu dute: patrozinadore bat aurkitzeko beharra dago eta ekaina bukaeran amaitzen da izena emateko epea. 25.000 euro lortzea nahikoa izango lukete taldea hurrengo denboraldian mantentzeko. Hala ere, klubak ez duela errenditzeko asmoa esan du Xubik.