Pello Elorza eta Aitor Gorrotxategi
Gaur goizean eman dute horren berri Pello Elortza Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarrak eta Aitor Gorrotxategik berak. Elortzak adierazi duenez, hautagaitza prozesu bat egin dute alderdian, eta maiatzaren 6ko batzar berezian, aho batez onartu zuten Gorrotxategi izatea jeltzaleen gidaritzarako hautatua.
Elortzak eskertu egin dio alkategaiari "gizarteak eta politikak bizi dituen garai zail hauetan" erakutsi duen "prestutasuna eta jarrera ona". Gorrotxategik herrigintzan aritzeko beharrezko dohainak badituela uste du EAJk, "zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko beti zabalik izan du eskua, batzuetan desadostasunaren eta kritikaren bidetik, baina beti ere, bere oinarri eta irizpideei eta hartutako konpromisoei leial izanik", adierazi du Elortzak. Udaletxean zinegotzi daramatzan hiru agintaldietan, udal funtzionamendua eta herria ondo ezagutzen dituela azpimarratu du, gainera.
Gorrotxategik berak adierazi duenez, bere ibilbidea beti "laguntzeko prestutasunez eta herrigintzari emandakoa" izan da. "Azpeitiko egoerak beti motibatu izan nau bere alde egiteko", adierazi du alkategaiak. Herriak, gaur egun, ekonomian duen erronka ikusita, eta profesionalki arlo ekonomikoan aritzen denez, adierazi du gai ikusten dela "arlo horretan behintzat nolabaiteko azpiegitura sendo bat egiten laguntzeko" eta akordioen bidetik "egoera horri buelta emateko proiektu bat lortzeko itxaropenez" agertu da.
"Neuk izan beharko dut gidari, baina taldea ezinbestekoa da", adierazi du Gorrotxategik, "izan ere, bakarrik eramateko oso zailak diren gauzak dira udalean egin beharrekoak". Edozein modutan, bere ibilbidea "antolaketak eta lanak" osatu dutela nabarmendu du, "lanak ez dit beldurrik ematen eta eman beharreko ordu denak emango dizkiot zeregin honi". Alkategai izateak dakarren erronka "ilusioz" hartzen duela adierazi du, eta "alternatiba txukun bat izaten saiatuko" direla adierazi du.