Gerra zibilaren eta oroimen historikoaren astea egingo dute Azpeitian, astelehenetik aurrera

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 9a

Aste guztian zehar hitzaldiak eta erakusketak egongo dira Azpeitiko Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko elkarlanari esker. Asteari hasiera emateko, maiatzaren 12an, Sanagustin kulturgunean arratsaldeko 19:00etan, Paco Etxeberriak, Euskal Herriko Unibertsitateko Lege Medikuntzako irakaslea eta Aranzadiko Antropologia Fisikoaren Saileko zuzendariak, Hilotzak hobietatik ateratzen. Duintasunak berreskuratzen hitzaldia eskainiko du. Bertan, "biktima eta senideen sufrimenduan barneratuko" dira. Aste guztian zehar, maiatzaren 12tik 16ra, izen bereko erakusketa egongo da ikusgai Sanagustin kulturgunean. Maiatzaren 14an, Emakumeen Txokoan, arratsaldeko 19:00etan, Lourdes Herrasti Aranzadiko historialariak eta antropologoak, Emakumeak Gerra Zibilean eta errepresio frankistaren garaian izeneko hitzaldia eskainiko du; "emakumea gatazka hartan ahaztutako biktima nagusia" zela azpimarratuko du Herrastik mintzaldian. Bi hitzaldien sarrera doakoa izango da. Sanagustin kulturgunean, maiatzaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan, hitzaldiak eta proiekzioak izango dira Mikel Aizpuru historialariaren eskutik, Errepublika eta Gerra Zibila Azpeitian izenburupean. Egia hilobiratuen bila Azpeitiko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, 1936-1945 urteetako Azpeitiko errealitatea ikertzeko eta ezagutzeko programa bat jarri du abian, "eskubide zibilen zapalketa jasan zutenen oroimena berreskuratzeko asmoz". Udalaren esanetan, "gertatutakoaren egia ezagutzea udalaren betebeharra eta biztanleen eskubidea da; guztion betebeharra da Euskadiko herriaren eta Errepublikaren askatasunen defentsan duintasun-adibide bikaina izan ziren pertsona anonimo haien oroimena berreskuratzea". Guztien laguntza eskatzen dute ikerketa lanetarako. Elkartea aitzindaria izan da Euskal Herrian 1936-1945 urteen artean gertatutakoaren inguruan lan egin duelako, eta erregimen frankistak fusilatutako eta errepresaliatutako pertsonak lurpetik ateratzen egindako lanarengatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide