Aurtengo Elkartasu Egunaren aurkezpeneko une bat (Olatz Prat/Hitza)
Elkartasun krosarekin hasiko da eguna, eta bost kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek goizeko 11:30ean herriko plazatik irtenda. Lasterketaren ondoren opari bana jaso dute, eta dutxa bat hartzeko aukera izango dute korrikalariek Izarraitz pilotalekuan.
Lasterketan parte hartzeko dortsalak dagoeneko salgai daude 10 eurotan. Azpeitian Aradi eta Aitzaki Kirol dendetan, igerilekuan eta Orkatz tabernan eros daitezke. Azkoitian Elkargunean daude salgai, eta Zestoan, berriz, Koiote tabernan. Hala ere, kroseko egun berean ere eros daitezke goizeko 10:00etatik 11:00etara enparantza nagusian 12 euroren truke.
Ondoren, herri kirolak hasiko dira 13:00etan Azpeitiko plazan neskaz eta mutilez osatutako taldeekin. Horren ostean, 14:30ean, herri bazkaria egongo da Berdura Plazan. Bertarako txartelak Azpeitiko Izaro, Orkatz eta Txarrantxa tabernetan daude salgai: 12 eurotan langabetu eta ikasleentzako, eta 15 euroren truke langileentzako.
Arratsaldeko 18:00etan, Elkartasunez, euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira lelopean abiatuko da manifestazioa enparantzatik.
Egunaren ekintza guztiei amaiera emateko, Juantxo Skalari eta herriko talde sorpresa baten kontzertuak izango dira enparantza nagusian gaueko 23:00etan hasita. Egun guztian zehar txosna bat egongo da herriko plazan.
Antolatzaileek dei egin diete herritarrei egun horretan parte hartzera: "Elkartasun egunean parte hartuz, festa eta aldarrikapena uztartuz preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko eskatzen diogu herritarrei".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide