Abian da Khamar elkarteak antolatutako saharar herriarekiko elkartasun astea

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 14a

Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko Elkarteak saharar herriaren aldeko sentsibilizazio astea eta janari bilketa eguna antolatu ditu. Argazki erakusketa, hitzaldia, afari-antzerkia eta janari bilketaren bitartez, Sahararren bizimoduaren eta zailtasunen errealitatea erakustea eta haiei laguntzea izango da helburua. Duela 35 urte Marokok sahararren lurraldea okupatu zuenetik, 200.000 saharar Argeliako Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizi dira, halabeharrez.  Kahmar-eko kideek azaltzen dutenez, «desertu gordinean bizirauten dute, eta munduko hainbat herrialdetatik iristen zaien giza laguntzari esker jarraitzen dute bizirik». Khamar Elkartea 2008an eratu zuten Tindufera bidaia egin ondoren hainbat norbanakok. Egoeraz kezkaturik, kooperazio proiektuak garatzen hastea erabaki zuten. Sanagustin Kulturgunean ikusgai dago Khamar elkarteak Tindufen ateratako argazkien erakusketa. (Olatz Prat/Hitza) Argazki erakusketa zabalik Sahararen aldeko asteari hasiera emateko, atzotik ikusgai dira Sanagustin Kulturgunean Kahmar elkarteko kideek saharar errefuxiatuen kanpamenduetan urteotan egin dituzten argazkien erakusketa. Elkarteak gaur egun han dituen proiektu eta ekimenen inguruko informazioa ere aurkituko du bertaratzen denak. Kontakizuna, lehen eskutik Bihar saharar herriaren eta Tindufeko errefuxiatuen egoera lehen eskutik ezagutu ahal izango da, bertako militante gazte baten azalpenen bitartez. 19:00etatik aurrera Sanagustinen izango da Hassanna Aalia. Lurralde okupatuetako herritarren giza eskubideen alde lanean diharduen gazte ekintzailea. Iaz, Marokoko Auzitegi Militarrak biziarteko kartzela zigorra ezarri zion Aaliari, Aaium herrian izan ziren Sahara libre baten aldeko manifestazioetan parte hartzeagatik. Hassanna Aalia saharar militantea. Aalia saharar herriaren errealitateaz ariko da, «hiru zatitan banatuta dagoen errealitateaz», hain zuzen ere, Khamar-eko kidek azaltzen dutenez: «Errefuxiatu kanpamenduetan errefuxiatuta dauden herritarren egoera, sufrimenduak eta ametsak; lurralde okupatuetako erresistentziak; eta giza eskubideen zapalkuntza deskribatzen duten tortura zein abusuen testigantzak». Antzerki-afaria, ostiralean Ostiralean, hilak 17, Sahararen aldeko kus-kus afaria eta antzerki emanaldia izango dira 21:00etatik aurrera Sanagustinen. Afalostean izango den antzerki emanaldia, Sahara, isiltasunaren ahotsak Joxerra Fachadok zuzendua da, eta saharar emakume baten begietatik azaltzen du haren herriaren «sufrimendua, alaitasuna eta itxaropena». Afaria eta antzerki emanaldirako txartelak 12 euro balio du, eta salgai daude dagoeneko Sanagustin Kulturgunean. Datorren larunbatean, berriz, Tindufeko errefuxiatuei bidaltzeko janari bilketa egingo dute herrian. Eroski eta Super BM supermerkatuetan jarriko dituzte bilketa puntuak, 10:00etatik 20:00etara. Honako hauek dira bilduko diren jaki eta produktuak: arroza, makarroiak,dilistak, babarrunak, txitxirio edo garbantzuak, atuna eta sardinak kontserban, azukrea eta konpresak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide