Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Jexux Mujika Iraurgi Berritzen-eko Turismo teknikaria, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea eta Iñaki Portilla Azpeitiko Turismo zinegotzia, datuen berri ematen. (Nerea Uranga/Hitza)
Iaz turismoak bailaran izan zuen eraginaren inguruko datuak eman dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko udalek. Iraurgi Berritzen-en bidez kudeatzen dute Turismo Bulegoa, eta iazko denboraldian «emaitza oso onak» izan zituztela jakinarazi dute. Azken urteetako gorako joera «sendotu» egin da, eta lehenengo aldiz 20.000 bisitarien langa gainditu dute. «Bailarako egoera sozio-ekonomikoa kontuan hartuta, datu positiboa dela uste dugu, batez ere aintzat hartzen badugu turismoa aukeraz betetako sektorea dela eta ekonomian izan dezakeen eragina biderkatzailea dela», adierazi dute ordezkariek.
Loiolako Turismo Bulegotik 21.332 lagun igaro ziren iazko martxoaren 22tik abenduaren 8ra bitartean; hantxe dago, hain zuzen, Urola Erdiko Turismo Bulegoa. 2011ko denboraldiarekin alderatuta, %11 igo zen informazio eske joandako bisitarien kopurua. Adierazi dutenez, bisitarien ia erdiak –%47– Espainiatik etorritakoak izan ziren, %17 Hego Euskal Herrikoak, %9 Kataluniakoak, eta gainerakoak beste herrialde batzuetakoak. Bulegora joan ziren gehienek Loiolako Santutegiaren inguruko informazioa eskatu zuten. Horrez gain, Hiru Tenpluen ibilbidearen, eskualdeko zerbitzu turistikoaren eta ostalaritzaren inguruko informazioa ere eskatu zuten.
Erronkak, zehaztuta
Eneko Etxeberria eta Pello Bastarrika Azpeitiko eta Azkoitiko alkateen arabera, zenbait faktorek eragin dute bisitarien gorakada. Horietako bat izan da aita santu berria izendatu izana. «Loiolak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, eta orduan hasi zen bisitari kopurua hazten. Gainera, izendapenaren ondoren, orain arte inoiz etorri ez diren turismo agentziek horretarako interesa agertu dute». Horrez gain, turismo eskaria, merkatua eta aisialdirako ohiturak aldatzen ari direla aipatu dute: «Azken urteotako krisiaren eraginarengatik- edo, barne turismoa, hau da, gertuko jendearen egun pasako desplazamendua, gora doan fenomeno bat da».
«Balorazio positiboa» egin dute alkateek, baina uste dute turismoa bailaran sendotzeko aukera gehiago badaudela, eta horiek baliatzea izango da aurtengorako erronka. Besteak beste, adierazi dute bisitari batzuk Loiolara joan bai baina hango Turismo Bulegotik ez direla igarotzen. Hala, erronketako bat izango da bisitari horiek bulegora bideratzea, Loiola ez ezik, bailarako beste gune eta baliabideak ere ezagutu ditzaten informazioa helarazteko.
Bisitari kopurua igotzea izango da beste helburuetako bat, eta horretarako ahalik eta eskaintza erakargarriena osatu nahi dute. Hori guztia aurrera eramateko, bailarako eragile pribatuen eta publikoen arteko komunikazioa eta elkarlana hobetzea izango da oraingo erronka. Turismo Bulegoa jatetxe, hotel eta bestelako turismo alorretako enpresekin elkarlanean ari da, «turismoa norabide guztietan sustatzeko». Batetik, Loiolako bulegoak bailarako eskaintza hori bisitarien esku jartzen du, eta bestetik enpresa horiek bailarako informazioa zabaltzen dute. Horrez gain, produktu berriak sortu eta diseinatzerakoan «ahalik eta eragile gehien» kontuan hartzen dituztela adierazi dute: «Lankidetza hau, hain justu, oso garrantzitsua da, turismoa bertako egoera sozio-ekonomikoa indartzeko erreminta eraginkorra delako, eta horrek aukera handiak eskaintzen dituelako».