Kultur Bonoaren eskaintzaren aurkezpena gaur Sanagustinen (Nerea Uranga)
Aurten ekindako hainbat pausori segida eman nahi dio Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, «kulturzaleen aldeko apustua eginez». Bide horretan, datorren urterako ere Kultur Bonoa jarriko dute aukeran.
2014an aurtengo kultur eskaintzari jarraipena eman nahi diote, «kalitate, kantitate eta barietateari» helduz. Herritarrek osatutako lantalde batzuk dituzte martxan musika eta dantza alorrean eta egitaraua osatzeko haien laguntza dute Sanagustinen. Aurten 90 kultur ekitaldi izan dira eta 24.000 pertsona.
Kultur Bonoarekin kultur ekitaldien kontsumoa sustatu eta herri mailako kontsumoa bultzatu nahi dute, jendea herrian geldituz eta kanpokoak erakarriz. Horrez gain, herritarrek bonoarekin abantaila ekonomikoa dute.
Urteko bonoa da eta 58 euro balio ditu. Langabetuek, ikasleek, gazte txartelaren jabeek eta jubilatuek, berriz, %50eko deskontua dute. Baina, salduko dituzten txartelen kopurua mugatua izango da, «aforo kontuengatik». Sanagustinen bertan eskuratu daiteke.
Martxora arteko Sanagustineko agendaren zertzeladak ere aurreratu dituzte: urtarrilean Arkada Social, Friday’s Crew eta Mac Onak-en kontzertua da eta
Sahara isiltasunaren ahotsak eta
Kokakola eta barea antzezlanak; otsailean, Capsularen kontzertua,
Pilhotaritza ikuskizuna, Depedroren kontzertua, eta, Metalihika herriko lagun talde batena; martxoan,
Figuranteak antzezlana eta diskoak aurkeztu berri dituzten beste bi euskal talderen kontzertuak izango dira.