Adin txikiko neska bati eraso egiteagatik 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Azpeitian igande goizaldean. Azpeitiko Udalak erasoaren aurrean "bere salaketa irmoena" azaldu du, "larria, mingarria eta onartezina da gure gizartean horrelakoak gertatzea". Udalak erasoa izan duen neskari, haren familiari eta lagunei "babes guztia" agertu dio, "udala bidelagun izango dute aurrerantzean ematen dituzten urratsetan.
Igandean 04:30ak aldera izan zen erasoa. Adin txikiko neska etxera bidean zela, erasotzaileak atzetik jarraitu zuen, eta etxeko portalera sartzeko garaian eraso egin zion. Ertzainek jaso duten salaketaren arabera, erasotzailea portal barrura sartu eta indarrez neska lurrera bota ondoren, oihurik egin ez zezan ahoa estaltzen saiatu zen. Baina, neskaren oihuak entzunda gertaeraz hainbat pertsona ohartu zen eta neska laguntzera joan ziren. Segidan udaltzainak joan ziren gertaeraren lekura eta erasotzailea atxilotu zuten.
Udaleko ordezkarien esanetan, "horrelako erasoak ez dira salaketa hutsean geratu behar eta indar handiagoz gure esku dagoena egingo dugu horrelakorik berriro gertatu ez dadin". Bide horretan, "udalak ikerketa eta epai bidean ardurak dituzten guztiei ahal den neurrian, gertatutakoa guztiz argitzeko eta ardurak zehazteko" eskatu die. Alde guztiei, "gaiak eskatzen duen ardurarekin jokatzea" eskatu die, "erasotuak eta familiak merezi eta beharrezkoa duten intimitatea bermatuz eta alde batera utziz arinkeriak eta zurrumurruak".
Erasoa salatzeko, Udalak herri eragileekin batera antolatutako ekimenean parte hartzera deitu ditu herritarrak. Gaur, 19:30ean, plazan egingo den bilkurara deituz.
Horrelako gertaerek "herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute, beldurra zabaldu eta denon askatasuna urratuz".