Astelehenean ENT enpresak Azpeitian hondakinak biltzeko hiru sistema jasotzen dituen azterketa aurkeztu zuen. Baina Azpeitiko Udaleko EAJko zinegotzi taldeak horren aurrean, etxe sarreretan «txerri-janaren ontzirik» ez duela nahi azaldu du, herenegun arratsaldean ateratako ohar baten bidez. ENT enpresak Azpeitiko Udalak eskatuta eta %70eko birziklatze mailara iristeko helburuarekin egin du azterketa. Hondakinen bilketarako hiru proposamen egin ditu txostenean: bilketa komunitarioa edota etxepez etxepekoa egitea hondakin organikoa eta errefusa, eta gainontzeko hondakinak sailka edukiontzien bidez jasotzea; edukiontziak jarri eta kentzea; eta giltza elektronikoen bidezko edukiontziak jartzea.
Baina proposamenak ez ditu gogoko EAJk, eta gaur egungo edukiontzien bidezko bilketa sistemarekin jarraitzearen alde egin du. «Gaur egungo sistemarekin jarraitzea da eskatzen duguna, baina hondakin organikoaren edukiontziari txipa jarrita. Bere garaian udalean onartu zen moduan», esan dute.
Dagoeneko udalean adostuta eta erabakita dagoen gaia berriro ateratzea salatu dute EAJko ordezkariek. «Hainbeste denboraren ondoren, dagoeneko adostuta eta erabakita zegoen gai bat berriro ateratzea zertara dator? Agian norbaitek atez atekoaren antzeko zerbait ezarri nahi digu, atzeko atea erabiliz», adierazi du Aitor Gorrotxategi taldeburuak.
Ildo beretik, Gorrotxategik gogorarazi du udalak hondakinen bilketaren gainean aho batez hartutako erabaki bat baduela: «Erabakia bosgarren edukiontziaren sistema garatzekoa da, eta oraindik gai hori ez da arautu, ez zabaldu». Orain, bilketa ereduen gaineko azterketa egin, eta «dagoeneko ezezkoa jaso duten alternatibak aurkeztea zentzugabea» ikusten dute EAJkoek. «Erabateko burugabekeria da guztion dirua alferrik gastatuz tematuta ikerketak egiten jarraitzea, balizko alternatibak eta gai horretan ustez adituak diren pertsonen parte hartzeak ekarriz, diru ederra kobratuta».
Alkateari «isilik ez gelditzeko» eta «behingoz» udalbatzan aho batez onartutako erabakia gauzatzen hasteko eskatu diote. «Aski da, eta ez dadila hondakinen kontuarekin jolasean jarraitu».
Azpeititik harago ere egin du kritika EAJko udal taldeak. Bildu «Gipuzkoa osoan» egiten ari den kudeaketa «kaosa» dela gaineratu du. «Indarrean dagoen foru araua ez betez, hondakinen sisteman aurreikusitako fase guztiak hankaz gora botaz, eta inolako epemugarik gabe Lapatx zabortegia ixteko epea luzatuz», nabarmendu dute jeltzaleek.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide