Azpeitian hondakinak biltzeko hiru modu aurkeztu dituzte

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 11

Jasotakoaren %70 birziklatzea helburu, Azpeitian hondakinak biltzeko hiru modu aurkeztu ditu Kataluniako ENT enpresak, udaleko alderdi politikoetako ordezkarien eta herriko beste hainbat eragileren aurrean. «Hiru moduak bateragarriak» direla eta sistema batek bestea ez duela bazter uzten azaldu zuten ENT-ko zuzendari Ignasi Puigek eta Urola Erdiko mankomunitateko teknikari Orkatz Goenagak, herenegun udaletxean egindako aurkezpenean. Orain, hondakinak zein eratara edo sistemarekin bildu eta nola egin «herritarren edota ordezkari politikoen erabakiaren gain» dagoela nabarmendu zuten aurkezpenean. ENT enpresak Katalunian hainbat eta hainbat udalerriri hondakinak sailka biltzeko aholkua ematen dio. «Lan horretan dugun esperientzia kontuan hartuta, Azpeitirako aztertzen ari ziren hondakinak biltzeko hainbat moduren edo sistemaren inguruko azterketa eskatu zitzaigun. Aurrez, Urola Erdiko Mankomunitatetik eta Azpeitiko Udaletik proposamen batzuk helarazi zizkiguten, gero guk hortik abiatuta Azpeitirako hondakinak biltzeko sistemen aukerak aztertzeko. Horietako batzuk ontzat eman ditugu, baina beste batzuk gure esperientzia kontuan hartuta bazterean uztea aholkatu dugu», adierazi du Puigek. Hiru sistemak Aztertu ondoren, Azpeitian hondakinak sailka biltzeko hiru sistema edo modu proposatu dituzte, herrian bateragarriak izan daitezkeenak eta batak bestea ez duena baztertzen. «Herriaren hainbat gunetarako egokiena zein izan daitekeen erabaki beharko da gero», esan du Goenagak. Modu edo sistemetako bat bilketa komunitarioa da. Hau aukeratuz gero, hondakin organikoa eta errefusa komunitate edo etxepe bakoitzean jarritako edukiontzietan jasoko da. Gainontzeko hondakinak (beira, papera, plastikoa...), ordea, gaur egun bezalaxe edukiontzietan jasoko lirateke. Bigarren bilketa moduak, berriz, edukiontziak edo kuboak jartzea eta jasotzea du oinarrian. Ordu jakin batzuetarako jarriko lituzteke egun horretan egokitzen den hondakina jasotzeko kuboak, eta gero berriro jaso egingo lituzkete, lan hori udaleko langileek egingo lukete. Hirugarren sistemak, berriz, giltza elektronikodun edukiontziak ditu oinarrian. Hori hautatu z gero, egunean egunean egokitzen den hondakin mota bota beharko da edukiontzi horietan egongo liratekeen kuboetara. Ekonomiko garestiena giltza elektronikodun edukiontziena da, eta kostu gutxiena izango lukeena etxepeko edukiontzienak. «Garestiena izateaz gain, hondakinen bilketa sistema gero aldatzea erabakiz gero, kostu gehien eragingo luke giltzadun edukiontzien sistemak», esan du Goenagak. Hiru bilketa sistemek edo moduek jarraitu beharreko egutegi zehatz bat izango lukete; hau da, egun jakin batzuetan jasoko litzateke hondakin mota bakoitza. Azpeitiarako egokiak direlako proposatu dituzte hiru bilketa moduak, «orain herritarrei edota arduradun politikoei dagokie erabakitzea. Hiruretako bat aukeratuz edota gunean gunerako modu bat aukeratzea. Baina, hirurek bermatzen dute hondakinen %70 birziklatzea», azaldu dute Goenagak eta Puigek. 2012an Azpeitian hondakinen %32 birziklatu dute. Aurten, birziklatzea gehitzeko hainbat dinamika jarri du abian udalak, baina birziklatze tasak gutxi egin du gora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide