Azpeitiko aurtengo Sansilbestre probak 6,4 kilometro ditu

Nerea Uranga 2013ko abenduaren 6a

Nerea Uranga (Hitza), Manuel Unanue (Udala), Agustin Jimenez eta Egoitz Arruti (Xeye), aurkezpenean (Uztarria.com) Urte Zahar egunean egingo den Azpeitiko XIII. Sansilbestre Lasterketan izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko. Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak antolatuko du aurten ere, UROLA KOSTAKO HITZA babestuz eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Abenduaren 31n, 12:00etan da lasterketa nagusia, Azpeitiko plazatik irtenda.Aurreko urteetan baino ibilbide motzagoa izango du aurtengoak; 6,4 kilometrokoa. «Ibilbidea erosoagoa izateaz gain, zirkulazio arazoak ekidin eta probaren segurtasuna bermatzeko moztu dugu», dio Xeyeko Agustin Jimenezek. Izena, internetez www.kirolprobak.com-en eman daiteke. Bestela, Hitzaren Zarauzko eta Azpeitiko bulegoetan eman daiteke; Azpeitiko Aitzaki eta Azkoitiko Plaza Berri kirol dendetan; eta, langabetuek Azpeitiko igerilekuan. Kadeteek eta jubenilek 5 euro ordaindu behar dute; txip horia dutenek 10 euro; txipik ez dutenek 12 euro; eta, langabetuek 6 euro. Egunean bertan ere izena emateko aukera jarriko dute, baina 25 euro ordaindu beharko dela ohartarazi dute. «Prezio hori jarri dugu azken egunean inor ez etortzeko izena ematera, antolaketarako oztopoa izaten delako». Probaren bukaeran parte-hartzaileen artean urdaiazpikoak, ardo botilak eta afariak zozkatuko dituzte, eta denek oroigarri gisa elastiko bana jasoko dute. Azpeitiko Sansilbestrean eta martxoaren 22an jokatuko den Azkoitia-Azpeitia Lasterketa Herrikoian (7,5 kilometro) batera izena emateko aukera ere jarri dute, www.kirolprobak.com webgunean. Bietarako izena batera ematen duten txip horidunek 16 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 20 euro. Eskolartekoentzat ere aukera Eskolartekoentzako lasterketak ere antolatuko ditu Xeyek Sansilbestreren barruan, abenduaren 31n. Azpeitiko plazan benjamin eta infantil arteko neska-mutilen probak 10:30ean hasiko dira. Hauek parte hartzeko ez dute ezer ordaindu behar. «Haurrentzako atletismoko lehiaketa askorik ez da izaten, eta hau aukera ederra da. Lasterka eginez ondo pasatzeko aukera da eta haurrak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu», azaldu du Xeyeko Egoitz Arrutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide