Abuztuaren 1eko gertakarien inguruko EAJren mozioa onartu gabe gelditu da

Nerea Uranga 2013ko abenduaren 5a

Saninazioetan, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta gazte batzuen artean izandako gertaeraren harira, EAJk mozioa aurkeztu zuen herenegun udalbatzarrean. Eta gai horrexek eragin zuen eztabaida gehien zinegotzien artean. Abuztuaren 1ean, plazatik Loiolara arteko politikoen ekitaldi zibikoan gertatutakoa zuen hizpide mozioak. «Lehendakaria Azpeitiko Udalak gonbidatuta etorri zen, eta ekitaldi zibikoan hitz iraingarriak jaso zituen ibilaldia ikusten zeuden pertsona batzuen aldetik», zioen EAJren mozioak sarreran. Udalbatzak «Urkullu jaunak entzun behar izan zituen irainak gaitzestea eta horiek esan zituzten pertsonak arbuiatzea» proposatu zuen EAJk mozioaren bidez. Horrekin batera, honela zioen mozioak: «Azpeitiko Udalaren izenean, Urkullu jaunari, gutun bat bidaltzea, gure samina agertuz, ekintza horiek arbuiatzen ditugula esanez eta ofizialki barkamena eskatuz». EAJren mozioaren aurrean EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu zuen, baina bozkatzeko orduan erretiratu eta EAJrena bakarrik bozkatu zen. Ordea, ez zen onartu: EAJkoen aldeko botoak bakarrik jaso zituen; Hamaikabatekoak abstentzioa bozkatu zuen eta EH Bildukoek kontra. «Mozioarekin erabilpen politikoa egitea» egotzi zion Eneko Etxeberria alkateak EAJri. «Guk ez dugu babestu lehendakaria iraintzea, eta hori iradoki nahi bada, ez da egia», esan zuen alkateak. EAJk mozioa irailerako prestatuta zuela esan zuen plenoan Aitor Gorrotxategik. «Irailaren 11n sartu genuen, atzeratzen joan da, baina gaia plenoan landu eta eztabaidatu nahi dugulako ekarri dugu». Alkateak ere onartu zuen mozioa denboran atzeratu zela, «baina ez da izan udalbatzarrean ez tratatzeagatik. Adostasun batetara iristen saiatu gara, ez da lortu, ezinezkoa izan da adostea, bi ikuspuntu ditugulako». Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak inoren alde ez zuela egingo esan zuen: «Horrelako gaiekin gizartea edo herritarrak ernegatu bakarrik egiten ditugu, nazkatu». Gainera, «gizarte bat eraikitzeko oinarria errespetua» dela azpimarratu zuen. Inaxio Uria gogora ekarriz ETAk Inaxio Uria azpeitiarra hil zuela bosgarren urteurrena bete zen asteartean, eta hori gogora ekarri zuen udalbatzarraren bukaeran Aitor Gorrotxategi EAJko zinegotziak. Herrian bakearen ikur bat jartzeko eskaera egin zuen, horren harira: «Gure elkarbizikidetzarako nahi horretan, herrian hainbat seinale edo ikur badago, eta beste bat bakarra eskatu nahiko genuke: bakearena», esan zuen. Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza horren ondotik.  «Beste eszenatoki batean egotea» gustatuko litzaiokeela nabarmendu zuen, eta Inaxio Uriaren familiari «bereziki babesa» azaldu zion. Mezu zabalagoa ere eman zuen: «Gorrotoak ezin du biderik egin. Bidea egian, justizian, memorian eta aitortzan dago». Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak, berriz, esan zuen  plenoak puntu hori falta zuela. «Ea egunen batean, behar diren hitzak erabilita, udalbatzarrean gai horren gaineko idatziren bat bozkatzeko gai garen», gehitu zuen. Lapatx ixteko konpromisoa udalak berrestea eskatu dute Orain urtebete bezala, Azpeitiko Udalak Lapatx zabortegia 2014ko abenduaren bukaerako ixteko konpromisoa hartzeko eskaera egin zuen EAJk herenegungo plenoan. «Orain urtebete udalak konpromiso hori hartu zuen, eta datorren plenoren batean udalak Lapatx ixteko konpromiso hori berrestea eskatzen dugu», adierazi zuen Aitor Gorrotxategik EAJkoen izenean. Plenoan eskaera hori egingo zutela iragarriz aurreko egunetan hedabideetara idatzi bat igorri zuten jelkideek. Han hala zioten: «Azken egunetan Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohi eta gaur egungo Ingurumeneko diputatu denak, zabortegiak beste azpiegiturak egiten diren neurrian itxiko direla esan du. Alarma guztiak piztu dituzte, esku kolpe batez ezabatu duelako Lapatx 2014ko bukaeran ixteko hartuta dagoen konpromisoa. Amesgaiztoak jarraitu egingo du». Eneko Etxeberria alkateak, «Gipuzkoan azkenaldian izan den albiste onena» Zubietan erraustegia ez egitea izan dela esan zuen. Leire Etxaniz Ingurumen zinegotzia ere bat etorri zen alkatearekin: «Pozgarria da, batetik, gure osasunean kalterik ez dugulako jasango eta, bestetik, gipuzkoarrok 500 milioi euro aurreztuko ditugulako. Gainera, albiste pozgarria da, batez ere etorkizuneko hondakinen kudeaketa herritarrengan jartzen duelako. Gakoa hor dago, birziklatzean». Lapatx ixteari trabak jartzen ari direnak EH Bildukoak ez direla adierazi du plenoaren ondotik Etxanizek. «Gipuzkoako Batzar Nagusietan dago aukera; eman eta adostu dezala hondakinen azpiegiturak egiteko baimena Gipuzkoako EAJk. Ezin da alde batetik blokeatu eta bestetik eskatu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide