Denon Artean prozesuko herenegungo herri kontseilua (Nerea Uranga/Hitza)
2014rako udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailea hasi zuten herenegun, Sanagustinen. Eneko Etxeberria alkateak eta Aritz Epelde zinegotziak eman zituzten azalpenak bildutako 40 herritarren aurrean. Azpeitiko Udalaren datorren urteko aurrekontuen ildo nagusiak ekonomia sustatzea, gizarte zerbitzuak, hirigintza eta ingurumena dira, «herritarrei erantzunez».
Elkarlana eta tresnak
Krisiak eta egoerak bidea zail egiten du, baina «pixkanaka gauzak aldatzen» ari direla uste du Azpeitiko alkateak. Hori, udalaren eta herritarren arteko elkarlanerako prozesuaren emaitza dela dio. Elkarlanaren helburuak «gardentasuna, eraginkortasuna eta kontrola» dira. «Herritar bat Denon Artean bezalako prozesura interes partikularrarekin etor daiteke, baina elkarlanerako jarritako tresnekin, interes partikularretik interes komunitariora pasatu dezakegu». Udalak elkarlanerako dituen tresnak dira: tresna formalak, arloetako mahaiak, auzo batzordeak eta auzo alkateak, parte hartzeko araudia eta aldundiarekin aurten martxan jarri diren herritarren parte hartzeko esperientziak. Herritarrek sarri «arazoa eta irtenbidea» proposatzen dituztela nabarmendu du, «udala eraginkorrago eginez».
Udalaren gardentasunari dagokionez, Azpeitiko Udalak Kontuak garbi atala martxan jartzeko asmoa du. «Han udalaren aurrekontuak eta udalaren faktura guztiak ikusteko aukera jarriz. Herritar guztiona den dirua zertan gastatzen den agerian jarriz».
Horrez gain, udalaren hornitzaile txikien ataria egiteko asmoa dute. «Legez ez dago zertan egin beharrik, baina aukera hori zabaldu nahi diegu herriko hornitzaileei. Adibidez, udalak auto bat erosi nahi badu herriko auto saltzaile denek aukera izateko».
Aurreikuspena
Aurreikuspen ekonomikoari dagokionez datorren urteko udal aurrekontua 16,5 milioi euro ingurukoa izango delakoan dira. «Azken urteetan beherako joera du, baina datorrenean iazkoaren eta aurtengoaren antzekoa izatea aurreikusten da». Hala ere, udalen gaineko legearen gainean Madrilen hartutako erabakiek eragina izan dezaketela aurreratu dute. «Arau batzuk udalari asko eragin diezaiokete, batik bat gastuetan eta udalaren etorkizunean».
Udalaren zor bizia
2007. urtean udala Soreasurekin 10 milioi euroko zorrean sartu zela dio alkateak. 2009an, berriz, aldundiaren aurreikuspenak akatsa izan eta hura itzultzen ari da, urtean 700.000 euro itzuliz. Aldundikoa ordaintzea aurten bukatuko du. Orotara udalak datorren urtean 4.800.000 euroko zorra izango luke.
Erronka, ekonomia
Datorren urteko udal aurrekontuen erronka nagusia ekonomia sustapena da. «Baloreen aldaketa behar dugu, eta elkartasunera joan behar dugu. Aldaketaren erronka hor dago, eta hori udalari baino gehiago gizarteari dagokio». Udal guztia ekonomiara begira lanean ari dela nabarmendu du.
Ekonomia sustatzeko neurri zehatzak hartu ditu udalak, batzuk bere kabuz eta beste batzuk beste erakundeekin batera: Sustapen Ekonomikorako Plana, Eskualdeko Enplegu Plana, Langabetuentzako Orientazio Zentroa, enpresa haztegietarako lokalak, langabetuak kontratatzea, formazio ikastaroak, 2014ko tasatan hobariak eta haztegi industriala.
Laguntza soziala
Gizarte Zerbitzuen arlotik laguntza soziala indartuko dutela esan dute: udal laguntzak handituz, etorkinentzat harrera protokoloa eginez, etxebizitza sozialak jarriz, garapen komunitarioa landuz, langabetuentzat baratzak jarriz eta beka sistema mantenduz.
Obrak ekarpenetatik
Udalak Hirigintzako Plan Orokorra egin, eta onartuta duela azpimarratu du Aritz Epeldek, «urteetatako gatazka konponduz».
Hirigintzako lanak egiteko orduan, «akunpuntura filosofiarekin» segitzeko asmoa du udalak, «auzoz auzo beharrei eta jasotako ekarpenei erantzunez». Laster hasiko diren batzuk ere aipatu ditu: Landetan espaloia Lau Bidetik Bordatxora; Soreasu atzeko aldean espaloia; Enparangainean; Etxebeltz-Izarrako etxeetatik Jesusmariatara oinezkoentzako pasoa; Matxinbentako plaza berritu... Aratz Errekako plaza oinezkotzeko eta Lasaon auzo lokala jartzeko, berriz, Gotzaitegiarekin hizketan ari da udala.
2014an, Alde Zaharra biziberritzeko erronkarekin segiko du udalak, eta azoka plaza eraberritzeko aukera aztertzen ari da.
Hondakinak
Ingurumenaren arloan, udalak herrian biltzen diren hondakinen %70 birziklatzeko konpromisoa hartuta dauka. Helburua lortzeko sistema posibleak aztertzen ari da enpresa bat, eta emaitza «laster» jasotzea espero du udalak. Gero, batzar zabalean aztertu nahi du.
Horrez gain, garraio publikoan aurrerapausoak eman direla diote: Donostiarako autobusen maiztasunean, gauetan autobus zerbitzuak jarrita...
Parte hartzeko aukerak
Denon Artean-en parte hartzeko arloz arloko bilerak egin eta kanpoko auzoetako bizilagunekin bilduko dira, eta herritarren ekarpenak jasotzeko buzoiak jarriko dituzte.
www. azpeitia.net-en ere egin daiteke ekarpena.