Garmendiperen eranskineko futbol zelairako akordioa sinatu dute

Nerea Uranga 2013ko azaroaren 26a

Hitzarmena Ikasnerri Kirol Elkarteko, Lagun Onak Futbol Klubeko, Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariek sinatu dute (Nerea Uranga/Hitza) Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Lagun Onak Futbol Klubak eta Ikasberri Kirol Elkarteak Garmendipeko anexoan egiten ari diren hirugarren futbol zelairako hitzarmena sinatu zuten atzo arratsaldean. Hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Futbol Federazioak gehienez 150.000 eurorekin lagunduko du anexon futbol zelaia eraikitzeko obra. Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak azaldu zuenez, Federaziotik jarriko duten dirua, Madrildik dator, Kinieletako dirua da. «Kinielatik datorren diru hori  udalekin edota Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenen bidez inbertsioak egiteko erabiltzen dugu. Azken urteotan milioi eurotik gora ekarri dugu. Orain ari gara Deban aldagelak aldatzen, Eibarren belarra jarri dugu, Azkoitian argiteria  eta orain Azpeitian hirugarren futbol zelaia egiteko laguntzera etorrita». «Proiektuak duen finantziazio mailarekin zalantzarik ez du izan Azpeitiko Udalak, nahiz eta garaiak diren bezalakoak izanda luxua ematen du, baina erabiltzaile asko daude eta eskaria handia zen», azaldu zuen hitzarmena sinatzerakoan Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Anexoko futbol zelaia bukatzeko, aurrena argiteria jarri eta ondoren belar artifiziala jartzea falta da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide