Udalekoak Denon Artean prozesuaren berri ematen, atzo, udaletxean (Argazkia: Uztarria)
Datorren urteko Azpeitiko udal aurrekontuak erabakitzeko, Denon Artean prozesua jarriko dute abian. Lehen batzarra datorren asteartean izango da, 19:00etan, Sanagustin Kulturgunean.
«Abenduaren bukaerarako zaila izango da», baina datorren urtarrilaren erdialderako 2014ko udal aurrekontuak onartuta egotea gustatuko litzaiekela azaldu du alkateak. «Hala izango da, baldin eta eztabaidak tarteko, ez bagara luzatzen». Udal aurrekontuak egiterako orduan, plan estrategikoa, udaleko alderdien ekarpenak eta Denon Artean prozesuan herritarrengandik jasotakoak hartuko dituzte kontuan, udaleko arduradunen esanetan.
Herritarren parte hartzeko prozesuaren lehen pausoa asteartekoa da. Orduan, udalaren ildo nagusiez eta diru kontuez, eta ekonomiaren inguruan herritarrek egin ditzaketen ekarpenez jardungo dute. Eta iazko udal aurrekontuaren balorazioa ere egingo dute. Aurrerago, arloz arloko eta auzoetako bilerak ere egingo dituzte. Herritarrekin eta herriko eragileekin biltzean udalak galdera zuzen bat egingo duela aurreratu du alkateak. «Bakoitzak bere arlotik edota herritarrok banan-banan, sufritzen ari garen egoera ekonomiko zail honi irtenbidea emateko zer egin dezakegun izango da Denon Artean prozesu guztian landu nahi duguna». Krisi egoeran udalak baliabideak murriztuta dituela, eta herritarrekin batera egindako gauzak «eraginkorragoak» izan daitezkeela uste dute udal arduradunek.
Alkateak nabarmendu duenez, Denon Artean prozesuaren helburuetako bat udala gardena izatea da, eta, era berean, elkarlana bultzatzea. «Udalaren jarduna gardentasunean egin nahi dugu, elkarlanaren bidez. Herritarren ekarpenekin eta proposamenekin udala eraginkorragoa dela uste dugu. Herritarrekin eta eragileekin batera udalak gauzak hobeto egin ditzake, askotan herritarrek ere irtenbideak proposatzen dituztelako».
Parte hartzeko bideak
Batzar irekiez gainera, herritarrek datorren urteko udal aurrekontuetarako iradokizunak edota proposamenak egiteko beste bide batzuk ere jarriko ditu udalak. Herriguneko auzoetan ekarpenak jasotzeko buzoiak jarriko dituzte, eta udalaren webgunean (azpeitia.net) atal berezia sortuko dute horretarako. Herritar guztiak prozesuan parte hartzera animatu dituzte.