Herrian eremu askotan lanean jarduten dutenek Libre Egunean parte hartzera deitu dituzte herritarrak (Nerea Uranga/Hitza)
Egitaraua
- 11:00. Herri jolasak. Hainbat jokoren artean, trailerraren apustua jokatuko da.
- 14:30. Herri bazkaria berdura plazan, txotxarekin lagunduta.
- 17:00. Kiki pailazoarekin Katapuntxispun festa, Sanagustin kulturgunean.
- 18:00. Herria zeharkatuko duen Eskutik eskura dabilen harriari goroldiorik ez egitasmo parte-hartzailea, eta ondoren plazan ekitaldia.
- Jarraian. Skandalue elektrotxaranga.
- 22:30. Cold Revenge (Bergara), Los Galerna (Arrasate) eta Screamers & Sinners taldeen kontzertuak, Sanagustinen.
Etzirako Orkatz eta Olatz Libre Eguna antolatu dute Azpeitian, Espainiako Auzitegi Nazionalean joan den hilean abiatu zituzten bi makroepaiketetan auzipetutako herritarrei babesa emateko. Orkatz Kultur Elkartea 35/02 sumarioan edo herriko tabernen auziaren barruan ari dira epaitzen, eta Olatz Izagirre, berriz, 26/11 sumarioan, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auzipetutako 39 gazteei eragiten dien epaiketan. Ekitaldiz betetako eguna antolatu dute, eta herrian eremu askotan lan egiten duen hainbat pertsonak «azpeitiar oro» Libre Egunean parte hartzera deitu ditu.
«Azken hilabetean epaitzen ari diren euskal herritarrei, bereziki Orkatz Kultur Elkarteari eta Olatz Izagirreri elkartasuna eta konpromisoa» adierazi diete kulturan, kirolean, irakaskuntzan edota sindikalgintzan aritzen den hainbat lagunek, eta gauza bera egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Libre Egunean parte hartzera deitzeko egindako agerraldian Xabier Arrizabalaga
Enbortxo-k, Orkatzeko lehendakariak, eta Olatz Izagirrek hartu dute parte.
Epaitzen ari direna auzipetuen «jarduera politikoa» dela nabarmendu dute, eta epaituek izan ditzaketen ondorioak ekarri dituzte gogora. «Orkatz Kultur Elkartea behin betiko ixteko arriskuan dago, eta Olatzek, berriz, sei urteko espetxe zigorrari egin behar dio aurre. Ezin dugu ahaztu, gainera, epaiketa hauek duten kostu ekonomiko ikaragarria, Madrilerako bidaiak eta egonaldiak direla, bi auziekin 1.000.000 eurotik gorakoa baita gastua».
Euskal Herriak «beste garai politikoa» bizi duela ere nabarmendu dute eragileetako ordezkariek. «Eta garai berri hauetan inoiz baino zentzu gutxiago dute epaiketa politiko horiek. Epaiketa hauek amaitzeko ordua da, konponbideari ateak irekiaz. Horregatik, auzipetuei gure elkartasuna adierazteaz gain, konpromisoak
hartzeko garaia dela diogu, konponbide bidean eremu askotako pertsonak elkartuz». Norabide horretan «aukera ezinhobea» ikusten dute antolatzaileek Libre Egunean elkartzeko.
«Guztion elkartasuna eta konpromisoa beharrezkoa da horrelako epaiketa bidegabeak amaitzeko, eta behin betiko herri hau konponbidera eramateko».
Parte hartzeko egitasmoak
Larunbatean, Libre Egunean, 18:00etan,
Eskutik eskura dabilen harriari goroldiorik ez egitasmo parte-hartzailea egingo dute. «Baina aurrera aterako bada, herritarren konpromisoa behar beharrezkoa dugu», adierazi dute Orkatz eta Olatz Libre eguneko antolatzaileek.