Fagor konkurtsoan sartu da, eta Grumal datozen egunetan

Nerea Uranga 2013ko aza. 13a, 18:46

Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatiba Elkarteak gaur aurkeztu du hartzekodunen borondatezko konkurtsoa, Donostiako merkataritza arloko epaitegian. Fagorrek  azaldu duenez, egun hauetan aurkeztuko dute Edesarentzako eta Grumalentzako hartzekodunen borondatezko konkurtsoa. Baina Grumaleko langileek ez dakite ezer horren gainean. Lantokiaren etorkizunaz informaziorik ez dute. ELAko eta LABeko sindikatuetako Grumaleko langileen ordezkariek azaldu dutenez, orain dela hamabost egun bezalaxe daude. «Orduan bideragarritasun plan baten zirriborroa egiten ari zirela eta bertan Grumaleko 45-50 langile aurreikusten zirela esan ziguten Fagorreko bitartekariek, ez besterik. Ordutik beste informaziorik ez dugu jaso. Orain hamabost egun bezalaxe gaude. Planik ere ez digute aurkeztu. Edesaz asko hitz egiten da, baina Grumalez batere ez». Gaur egun Grumaleko Azpeitiko lantokian 95 langile ari dira lanean, bi errelebotara. Baina Grumaleko beste 53 langile hainbat kooperatibatan birkokatuta daude aldi baterako bazkide bezala, eta Edesaren bidez. 53 langile horiek gaur egun etxean daude, «Lana Erregulatzeko Txostena ezarrita, oporrak hartuta...», baina haien etorkizunaz ere ez dute informaziorik. Ostiralean, protesta egitera Bizi duten egoeraren berri ematera eta euren haserrealdia erakusteko Grumaleko langileak  Arrasatera, MCCren egoitza nagusiaren aurrera, joango dira protesta egitera ostiralean. 11:30ean egingo dute elkarretaratzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide